Infernuko etxegabetzea "harrigarria" dela adierazi dute sei gizarte erakundek
Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek hedabide honi adierazi diotenez, Infernuan bizi zen pertsona bakarra artatu zuten, eta Abegi etxean ostatu eman zioten.
Infernua eremuko hustearen inguruko balorazioa plazaratu dute sei gizarte erakundek ohar baten bidez. Emaus, Caritas Gipuzkoa, Loyola-Etxea, Arrats, Herritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria taldeek sinatu dute, eta SARGI plataformako Etxerik Gabeko Pertsonen Batzordea osatzen dute. “Nahiz eta egungo alarma egoera deklaratu eta, guztion onerako etxeko konfinamendua eskatzen duen osasun egoera larria izan arren, harrigarria da une honetan etxegabetzea gauzatzea”, adierazi dute.
Ertzaintzak Infernuko Fabrika pabiloian bizi ziren 60 pertsona inguru atera zituen atzo, eta bizilagunek kalean utzi izana salatu zuten. “Guztira, 60 pertsonak utzi behar izan dute eremu hori, gure kaleetatik barrena noraezean ez ibiltzeko bizileku alternatiba duin bat eskaini gabe”, salatu dute gizarte erakundeek. “Pertsona horiek gertaera horren aurrean gaitzespena adierazi nahi izan duten arren, poztu gara ez dela istilurik izan eta protesta-ekintzak baketsuak izan direla”, gaineratu dute.
Aipaturiko gizarte erakundeak “aspalditik” ari dira administrazioari “gizarte zein bizitoki alternatibak” antolatzeko beharra azpimarratzen, “leku desegoki horretatik ateratzeko, non bizigarritasun eta segurtasun baldintza duinik ez dagoen, eta oinarrizko beharrak, hau da, elikadura eta higienea, nahitaez bete behar diren”. Era berean, prest agertu dira laguntzeko: “Eskaini egin gara, eta eskaintzen jarraituko dugu administrazio publikoarekin lankidetzan aritzeko, pertsona horiek gizarteratzeko behar den prozesuan alternatiba sozial eta bizitzeko egokiak ahalbidetzeko”.
Martxotik aurrera, Infernuan bizi ziren pertsonen gizarteratze prozesua babesteko, kolektibo horrekin egindako ahalegin ekonomiko eta soziala ez dela behar adina mantendu adierazi dute. Horrela, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete, dagozkien eskumenekin, “pertsona horien egoerari erantzuteko”, eta “horiek planifikatzen eta gauzatzen laguntzeko prest gauden alternatibak baloratzeko”.
Pertsona bakarra
Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek hedabide honi adierazi diotenez, Infernuan bizi zen pertsona bakarra artatu zuten, eta Abegi etxean ostatu eman zioten. Era berean, ez zuten eskaerarik jaso beste inor artatzeko, ezta ere gizarte ekintzako sistemaren beste baliabideetan sartzeko.