Santa Klarako itsasargiaren lanek 4 milioi euroko langa gainditu dute
Donostiako Udal Gobernuak itsasargian egin beharreko obraren bigarren aldaketa onartu du. Obraren kostua %11 garestitzea adostu eta lanak egiteko epea hilaren 27ra arte luzatu dute.

Cristina Iglesiasen eskultura Santa Klara uharteko itsasargian kokatzeko diru gehiago jarriko du Donostiako Udalak. Kontratua bigarren aldiz handitzea onartu zuen asteartean. Orain arteko kostua 3,7 milioi eurokoa zen, eta garestitze berri honekin 4,3 milioi eurokoa izango da.
Urtarrilean adjudikatu zizkioten lanak Moyua eraikuntza enpresari 1,46 milioi eurogatik, eta sei hilabeteko epean egiteko. Ordea, lanak bertan behera utzi zituzten udan irlako bisitariei eragozpenik ez sortzeko. Horrek kontratuaren lehen moldaketa ekarri zuen, %3,28ko garestitzea, asteburuetan ere lan egin zezaten. Bigarren aldaketarekin, 160.000 euro garestituko dira lanak, eta, guztira, 1,67 milioi eurokoa izango da lanen kostua. Epeari dagokionez, Moyuak obra hilaren 27rako bukatu beharko du lanekin.
Lan hauen bidez itsasargiaren hormak egonkortu, estalki zeharrargi bat eta eguzki panelak jarri, eta pasabide bat eraikiko dute barruko hormei itsasita egongo dena. Aurrez, Moyua arduratu zen itsasargiaren husteaz, 560.000 euroren truke. Santa Klara irlan egin beharreko lanez gain, Iglesiasen eskulturaren aurrekontua aintzat hartu behar da. Alfa Arte enpresak egin du eta 1,3 milioi euroko kostua izan du.
Aurrekontu propioa
Kororabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, Donostiako Udalak murrizketak egin ditu sail batzuetako aurrekontuetan. Aldiz, Santa Klarako lanen kostua %11 garestitzea erabaki dute. «Sail bakoitzak bere aurrekontua du, eta aurrekontuak ez dira batetik bestera pasatzen. Itsasargiko esku-hartzeak bere aurrekontu propioa dauka. Jakina denez, hainbat proiektu atzeratu egin dira. Abian eta ia bukatzear dagoen obra da itsasargikoa, eta helburua da urtea bukatu baino lehen amaitzea lanekin. Horretarako beharrezkoak diren pausoak ematen ari gara», azaldu diote hedabide honi udaleko iturriek.
Itsasargiko esku-hartzea «kultur inbertsio handia» dela azpimarratu dute, eta «hiriak kulturarekin duen lotura areagotuko» duela. «Kulturgintza ikuspuntutik, goi mailako artista baten lana hirian izatea suposatuko du, eta Donostiaren kultur eskaintza sendotuko du», gaineratu du udalak. Era berean, itsasargiaren proiektua Gipuzkoako enpresek aurrera eramatea garrantzitsua dela diote. «Hori ere bada bertako ekonomian inbertitzea. Proiektua ‘made in Gipuzkoa’ izango da ia osorik».
Dagoeneko 4 milioi euroko langa gainditu du proiektuak, eta udalak hasiera batean iragarritakoa baino gehiago da. «Proiektua bidean gauzatzen joan da, eta sortu diren beharrei erantzuten. Maketa huts batetik abiatuta, bidean garatu den proiektua da. Ez zegoen aurreikuspen itxirik», azaldu dute. Udalaren arabera, eguraldi txarrak, udako etenak eta pandemiak eragindako atzerapenek garestitu dute obra. Horrekin batera, irlako harkaitza zulatzea kostatu dela adierazi zuen pasa den astean Eneko Goia alkateak, udal batzorde batean. Ondo bidean, lanak urtea bukatu aurretik amaitzea aurreikusten du udalak.