Testa-Blackstone putre funtsak baieztatu du Bentaberriko etxebizitzen alokairua 2028ra arte mantenduko duela
Bentaberriko Alokairu elkarteak, Azorako maizterrek eta Kaleratzeak Stop taldeak bilera telematikoa egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzarekin. Zehazki, Mario Yoldi Plangintza zuzendariarekin eta Alfonso Sanz Etxebizitza ordezkariarekin hitz egin zuten. Testa-Blackstone eta Azora putre funtsek Donostian kalteturiko familiez aritu ziren, besteak beste. Bileratik kezka sentsazio berberarekin atera ziren, nahiz eta aurrerabideren bat egongo dela uste duten.
Jaurlaritzari bitartekaritza lana egiteko eskatu zioten, Bentaberriko Babes Ofizialeko Etxebizitzen eta Azorak kalteturiko maizterren aferak konpontzeko. Bentaberriri dagokionez, Jaurlaritzako ordezkariek esan zieten dagoeneko lan hori egiten ari direla, eta baieztatu zieten Testa-Blackstone-k alokairua 2028ra bitarte mantentzeko asmoa duela. Ordea, data horretatik aurrera zer gertatuko den ikusteko dago.
Azorak eskuratu dituen Inmobiliaria Vascongadaren etxebizitzen kasuan, Jaurlaritzak aitortu zien ez duela bitartekaritza lanik egin, eta ez duela egingo etxebizitza pribatuak direlako. Euskadiko Etxebizitza Legearen 65.5 artikulua kasu horiei aplikatzeko eskatu zioten hiru elkarteek, baina ez zuten aldeko erantzunik jaso.