Ulia pasealekuko hotelaren proiektua baztertu du udalak behin-behinean
Donostiako Udalak albo batera utzi du, momentuz, Ulia pasealekuan 100 logelako hotel bat eraikitzeko proiektua. Uliako Auzo Elkarteak jakinarazi du albistea, Arartekoaren gutun bat jaso ondoren. Izan ere, auzo elkarteak Arartekoarengana jo zuen udalari proiektuaren inguruko informazioa lortzeko. Bitartekaritza lan horri esker jakin ahal izan dute udalak proiektua behin-behinean baztertu duela.
Duela bi urte, Ulia pasealekuko San Ignacio klinika atzean dagoen lursailean hotel bat eraikitzeko tramitazioa abiatu zuen udalak. Uliako Auzo Elkarteak prentsaren bidez izan zuen proiektuaren berri, eta euren haserrea adierazi zuten. Lursaila eremu asea zen 2010ean udalak eraikigarritasuna eman zion arte. Erabaki hori ezkutuan hartzea egotzi zion auzo elkarteak udalari, eta proiektua ez onartzeko eskatu zioten irregulartasunak zituelako. Donostiako Udalbatzak 2018ko maiatzean eman zion hasierako onarpena hirigintza plan honi. Ordea, auzo elkarteak azpimarratu du horrelako planek ezin dutela sei hilabete baino gehiagoko epea gainditu. Horiek horrela, 2018. urte bukaerarako indarrean egoteari utzi zion udalak ez zuela tramitazioarekin jarraitu.
Pasa den uztailean, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak Arartekoaren eskaerari erantzun zion, esanez udalak aurreikusitako proiektua albo batera uztea erabaki duela. “Auzo elkarteak aurkezturiko alegazioak direla eta, debate bat sortu da lursail horren antolaketaren ingurukoa. Debate hori nahi baino gehiago luzatzen ari da”. Horrekin batera, Arzallusek Arartekoari adierazi dio udalak konpromisoa hartzen duela ahalik eta epe motzenean proiektu honen inguruko azken erabakia hartzeko. Horrek ez du argitzen etorkizunean beste planik aurkeztuko den lursail horretarako.