Goia: "Erakunde guztien artean esfortzu handia egin beharko dugu ostalaritzaren alde"

Koronabirusaren pandemia gelditzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri berriek ostalaritza oso egoera zailean utzi dute; horregatik, gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du udala “dagokion heinean” prest dagoela ostalaritza laguntzeko, eta erakunde guztiek “esfortzu handia” egin beharko dutela nabarmendu du.
Ostalaritzaren egoera “intentsitate handiz” bizi duela adierazi du alkateak, “sektore horrek garrantzia handia duelako Donostiako garapen ekonomikoan eta lanpostuetan”. Horregatik, Goiak gogoratu du konfinamenduaren ondoren udalari dagozkion tasak eta zergak kendu egin zituztela, eta nabarmendu du orain gauza bera egingo dutela. “Horretaz gain, laguntza programa aktibatu genuen”, gaineratu du. Era berean, esan du erakunde guztiak ostalariei laguntzak eskaintzeko aukera aztertzen ari direla.
Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak manifestaziora deitu du larunbat arratsalderako, erakundeen jarrera salatzeko eta laguntzak eskatzeko. Gipuzkoa osoko 200 ostalaritza establezimenduk baino gehiagok antolatu dute mobilizazioa, eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko bazkide batzuek ere deialdiarekin bat egin dute, baita Teknikariok sindikatuak eta beste eragile batzuek ere. 17:30ean hasiko da manifestazioa, Bulebarrean.