Infernuko bizilagunek 'Zuen hiria ez da ipurtzulorik gabea' bertsoarekin eskertu dute herritarren elkartasuna
Osteguneko polizia operazioan Infernuko 50 bizilagun inguru kaleratuak izan ondoren, Infernua Bizirik mugimenduak Zuen hiria ez da ipurtzulorik gabea bertsoa zabaldu du sare sozialetan, operazioari aurre egiteko, bizilagunei elkartasuna adierazteko eta Infernura joan ziren herritarrei eskerrak emateko. Era berean, igandean manifestazioa egingo dutela iragarri dute; Bulebarretik hasiko da, 12:00etan.
Mila esker INFERNUKO desalojoaren kontra mugitu zareten guztioi, kalean geratu direnentzan etxeko ateak zabaldu dituzuenoi. Zuek gabe ez zen hau guztia posible izango. ZUEN HIRIA EZ DA IZANGO IPURTZULORIK GABEA : #INFERNUABIZIRIK! ?❤️⚡? pic.twitter.com/jy9Ehoyrt0
— infernuabizirik (@infernuabizirik) November 7, 2020
Azken asteotan Infernuan hainbat polizia operazio izan ondoren, asteazkenean kaleratuak izateko arriskuan zeudela iragarri zuten bizilagunek. Ertzaintza gauean joan zen auzunera, euren arabera, polizia operaziora begira “kaleak garbitzeko”. Ostegun goizean hasi zen operazioa, eta goiz osoa iraun zuen; ‘Fabrika’ pabiloiko hiru solairuak hustu zituzten, han bizi ziren 50 pertsona baino gehiago kaleratuz. Goiz osoan zehar, herritar ugari izan ziren Infernuan, kaleratzeari aurre egiteko eta bizilagunei elkartasuna adierazteko. Udalak hirigintza proiektu bat sustatu nahi duen Infernuan, baina udaleko iturriek azaldu zutenez, udalak ez zuen zerikusirik izan kaleratze aginduarekin, eraikinaren jabe pribatuarena baitzen agindua. Hedabide honek operazioaren zuzeneko jarraipena egin zuen, eta kaleratutako bizilagun batzuen adierazpenak jaso zituen bideoan. Era berean, hedabide honek Infernuaren egoera aztertu zuen irailean, hainbat bizilagunekin hitz eginda.