Josemi Beltran: "Aurten jende berria erakarri dugu Beldurrezko Astera"
Lortu dute. Koronabirusarekin ere, atzo, hilaren 6an, bukatu zen Donostiako 31. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea; sariak emanda daude, eta Josemi Beltran zuzendaria “oso pozik” agertu da emaitzarekin. Beltranen arabera, jendearen erantzuna “oso ona eta arduratsua” izan da: “Koronabirusaren aurrean hartutako neurriengatik, proiekzioen ordutegiengatik eta abonurik ez egoteagatik ez zen egoera erraza, baina jendeak oso ondo erantzun du”. Hain zuzen, gaur egungo egoeran jaialdia egin izana bere horretan arrakasta izan dela esan du Beltranek.
Era berean, filmek “aurreko urteetan baino harrera hobea” izan dutela nabarmendu du Beltranek, zaleek ematen dituzten puntuazioetan soilik bi gelditu baitira gainditu gabe, eta gainontzekoek 6ko puntuazioa izan dute gutxienez. Bestalde, “giroa hotzagoa” izan bada ere, emanaldi guztietan jende dezente izan dela azaldu du Beltranek, eta sarrerak erostea errazagoa zenez, jaialdira joan ohi ez den jendeak joateko aukera izan duela azpimarratu du: “Jende berria erakarri dugu”. Hala ere, ikusleek “ohiko txantxak” mantendu dituztela kontatu du. Horretaz gain, euskarazko eskaintzak ere oso harrera ona izan duela nabarmendu du Beldurrezko Asteko zuzendariak: “Mikel Pagadiren BeldurTED emananaldia, esaterako, bete egin zen”.