Ostalarientzako irtenbide duin bat aldarrikatu dute ehunka herritarrek Donostian

Gipuzkoako SOS Ostalaritza kolektiboak deituta, ehunka herritar bildu dira arratsaldean Donostian, Eusko Jaurlaritzaren neurri berrien aurrean, ostalariek irtenbide duin bat behar dutela aldarrikatzeko. Mobilizazioa jendetsua izan da; izan ere, irakurketa baten ondoren, Bulebarretik abiatu da, eta manifestazioaren burua Okendo kaletik berriz Bulebarrera heltzen ari zenean, oraindik manifestariak gelditzen ziren kioskoaren inguruan, atera gabe.
Ibilbide guztian zehar, “langileak gara, ez gaizkileak” eta “ostalaritza aurrera” aldarriak entzun dira, eta bukaeran, manifestua irakurri dutenean, “oso egoera larria” bizi dutela salatu dute: “Pandemia hilabete hauetan guztietan, establezimendu askok itxi behar izan dute, eta horrela jarraituz gero, beste askok ere itxi egin beharko dugu”. Nabarmendu dute ez dutela ulertzen erakundeen neurri gehienak ostalaritzaren aurkakoak izatea, eta itxierek laguntza ekonomikoekin batera joan behar dutela aldarrikatu dute. Era berean, bezeroen babesa eskertu dute: “Zuek gabe ez ginateke hemen egongo”. Erakundeen jarrera ere salatu dute: “Esaten dute ez dagoela dirurik, baina Abiadura Handiko Trena egiteko badago dirua, Urkullu jauna? Donostiako Metroa egiteko badago dirua, Goia jauna?”. Hain justu, Eneko Goia alkateak goizean adierazi du udalak ostalariak laguntzeko asmoa duela, eta erakunde guztiek gauza bera egingo dutela.
Manifestazioa txalo artean sartu da Bulebarrean, eta txalo artean bukatu da, han bildutako ehunka herritarrek “ostalaritza aurrera” oihukatzen zuten bitartean. Hedabide honek manifestazioan egindako argazkiak irudi bilduma batean jaso ditu:
























