"Gazteek aukera eta tresna gehiago eduki beharko lituzkete gazte gisa euskaraz bizitzeko"
Jone Miren Hernandezek (Lasarte-Oria, 1970) "gazteek euskararen inguruan esaten digutenaz" hausnartuko du azaroaren 14ko Bageraren jardunaldietan.
Azaroaren 14an Bagera elkarteak antolatutako jardunaldietan parte hartuko duzu, Kike Amonarrizekin eta Miren Artetxerekin batera. Zeren inguruan jardungo duzu?
Nire hitzaldiari Euskara, gazteen ispiluan jarri diot izenburua, gazteek euskararen inguruan esaten digutenaz hitz egin nahi dudalako, hau da, euskararen erabileraz, euskararen inguruko diskurtsoez eta abar. Azken urteotan gazteengan jarri dugu fokoa, baina nik uste dut euren jokaera, besteak beste, gizartean gertatzen denaren isla dela, eta horretan sakondu nahiko nuke. Azken finean helduok gazteei begira gaude baina eurek helduen gizartea islatzen dute.
Nola begiratzen diozu euskarari antropologiatik?
Hizkuntz antropologiaren ikuspegitik, hizkuntza beste elementu kultural bat gehiago da. Kulturaren partea da hizkuntza, eta kultura sortzeko gaitasuna du; baina, aldi berean, hizkuntzan erreparatzen badugu kultura horren trazak ikusteko aukera dugu. Hori dela eta, guretzat oso elementu aberatsa da, asko esaten digu. Esaldi batekin ideia bat komunikatu dezakegu, baina komunikatu nahi dugun horretaz gain askoz gehiago esaten dugu. Hizkuntza antropologian esaten dena interesatzen zaigu, baina bereziki esaten den horrekin lotutako guztia: zein ari den hitz egiten, nola, nondik, zergatik, zertarako…
Euskararen inguruko diskurtsoak birpentsatu beharra dago?
Aspalditik daude ahots ezberdinak hori eskatzen, besteak beste, Iñaki Martínez de Luna soziolinguista. Nik uste dut berez diskurtsoak aldatu direla eta ari direla aldatzen. Kontua da euskarak, hizkuntza gutxitua izanik, beharra duela diskurtsoen gainean gogoetatzeko eta bere alde egingo duten planteamendu berriak mahaiganeratzeko eta indartzeko, eta hori da agian albo batera utzi duguna, edo agian, ez diogu hainbeste denbora eskaini. Eta une honetan eginbehar garrantzitsua dela uste dut.
Badago gazte kultura euskaraz?
Noski, badago, baina inpresioa dut nahiko zatikatuta dagoela, eta gune edo toki jakin batzuetan kokatuta dagoela. 1980-1990 hamarkadetan, bereziki musikaren bidetik, gazte kultura euskaraz jasotzeko aukera izan genuen gazte askok, nahiko modu masiboan. Gaur egun badira guneak, badira ekimenak, badira aukerak baina zailagoa da ikustea eta ikustaraztea. Gazte batzuentzat erreferenteak dira, baina oro har ez dira zabalduta dauden erreferenteak. Hor argi ikusten da gaztelera eta ingelesaren indarra.
Zer egin beharko litzateke euskaraz gazte izan ahal izateko?
Gazteek aukera, tresna eta baliabide gehiago eduki beharko lituzkete gazte gisa euskaraz bizitzeko eta aritzeko. Jakina denez, haur, nerabe eta gazte askok eskolatik atera eta ez dute aukerarik edo aukera gutxi dute euskaraz aritzeko, euskara erabiltzeko; adibidez, euren aisialdian. Baliabideak behar dira eskolak egiten duen lan horri sostengua emateko, ikastetxetik kanpo jarraipen bat izateko.
Euskararen ezagutzatik erabilerarako jauzia eztabaidagai da egun. Jauzi hori egitea zaila da gizarteko sektore askotan. Zergatik?
Gazte askok erreza dute euskara erabiltzea testuinguru oso euskaldun batean bizi direlako edo ingurukoak (familia, lagunak…) euskaldunak direlako. Baina beste askok aukera gutxiago dituzte. Ezagupena landu behar den bezala, hau da, hizkuntza ikasi eta barneratzea, erabilera ere landu behar da, batez ere, ahozko erabileraz ari bagara eta erabilera informalaz, lagunartekoaz.
Hizkuntza-portaeran zer nolako garrantzia du hizkuntza-ideologiak?
Hizkuntza-ideologia ezagupenetik erabilerarako zubi gisa irudikatzen dut. Hau batez ere hiztun berriekin ikusten da. Batzuetan eguneroko erabilerarako jauzia egitea kostatzen zaie eta nahi izateak, hizkuntzaren gaineko ideia positiboak izateak, adibidez, asko lagundu dezake jauzi horretan. Hiztun berri askok hitz egiteko garaian sentitzen duten lotsa edo beldurra aipatzen dute. Horrek kezkatzen nau eta uste dut landu beharko genukeela.
Zein da gazteen hizkuntza-portaeran eragiteko modu egokia?
Gauza asko eta ezberdinak egin daitezke, eta egiten ari dira jada. Guk, ikerketa eremuan, gure planteamendua aldatu dugu azken urteotan eta orain, saiatzen gara gazteak parte aktiboa izaten ikerketetan. Gazteak ikertu baino, saiatzen gara gazteekin ikertu, gazteak erdigunean jarri eta haiek entzuten. Askotan entzumen horretatik ateratzen dira ideiak, eta aukerak ematen badizkiezu, praktikan jartzeko ahaleginak egiten dituzte. Euren ekimenez egindako jarduera horiek eragina dutela uste dugu.
Euskara biziberritzeko diskurtsoak zein izan beharko luke, zure iritziz?
Galdera zaila da. Nik ikusten dudana da euskararen biziberritzerako sortu zen diskurtsoa, 1980ko hamarkadakoa gutxi gora behera, berritu behar dela, erabat. Une horretan hiztun profil nagusiak bi ziren: euskalduna eta erdalduna. Gaur egun, hamaika hiztun ditugu. Hiztun berriaren profila nagusitzen ari da, baina horren barruan ere aniztasun handia dago. Egun ere, hiztun natiboa zein den ez dago hain argi. Aniztasun horri tokia eman behar zaio eta diskurtso berri baten erdigunean jarri.