Ibaeta Basketek azken jardunaldietako bolada txarra hautsi du
Azken partidak galdu ostean, Cadi La Seu garaitzeko asmoz heldu zen Ibaeta Basket Gascara, eta ez zuen huts egin, 58-44 gailendu baitzen. Cadi La Seu aurkari zuzena da talde donostiarrarentzat, beraz, garaipen garrantzitsua izan zen ostiralekoa. Gizonezkoetan, Gipuzkoa Basket Andorraren aurka jolastekoa zen, baina norgehiagoka atzeratu egin zen.
Futbolean, berri on bat eta berri txar bat izan ziren talde donostiarrentzat: Realeko mutilek 2-0 irabazi zioten atzo Granadari, baina neskek 1-2 galdu zuten Teneriferen aurka. Mutilen partida bitxia izan zen hasieratik, Granadako jokalari gehienak bigarren taldekoak eta jubenilen taldekoak baitziren. Izan ere, ostegunean Txipren jokatu zuten andaluziarrek, baina han koronabirus agerraldi bat izan zen, eta jokalari askok ezin izan zuten Donostiara joan. Era berean, Granadak alineazio okerra zelairatu zuen bigarren zatian, gutxienez lehenengo taldeko bost jokalari egon behar direlako une oro zelaian, baina Jorge Molinaren lesioaren ondoren lau gelditu ziren. Horrela, Reala argi gailendu zen Granadaren aurka eta Monrealen eta Oiartzabalen golekin irabazi zuen, nahiz eta bukaeran, jokaldi inozo batean, Le Normand kaleratua izan. Realak lehenengo postuan jarraitzen du. Nesken kasuan, atsedenera 0-0 heldu ondoren, bigarren zatian markagailuan aurreratu ziren donostiarrak, Ramosek baloia bere atean sartu zuenean. Hala ere, kanariarrek ez zuten amore eman, eta norgehiagokari buelta eman zioten, Pleuleren eta Poljaken golen bitartez.
Eskubaloian, Espainiako Superkopan galdu ondoren, Bera Berak garaipena aurkitu zuen berriz, 23-27 irabazi baitzuen Zuazoren aurka; horrela, ligako lehenengo postua mantentzea lortu du. Belar hockeyari dagokionez, Realak puntu bat atera zuen atzo etxean Atletic Terrassaren aurka jokatutako norgehiagokan. Donostiarrak aurreratu ziren Emilicia Garcia Munitisen golarekin, baina katalanek ez zuten amore eman, eta Julia Gomesek berdindu zuen neurketa.
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
Ibaeta Basket 58 – Cadi La Seu 44
ACB liga, 10. jardunaldia
Gipuzkoa Basket – Andorra (atzeratua)
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
Reala 1 – Tenerife 2
Gizonezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
Reala 2 – Granada 0
ESKUBALOIA
Emakumezkoen ohorezko maila 1. fasea A multzoa, 6. jardunaldia
Zuazo 23 – Bera Bera 27
BELAR HOCKEYA
Emakumezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
Reala 1 – Atletic Terrassa 1