Bageraren zine foruma ostiralean itzuliko da

Bagera elkarteak berriz ere ekingo dio zine forumari ostiralean, azaroaren 13an. Ziklo berriaren lehen filma Celine Sciamaren Tomboy izango da. Jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dute, alegia, frantsesez, eta euskarazko azpitituluekin jarraitu ahalko da. Saioa Lugaritz kultur etxean izango da, 18:30ean.
Filman, Laure, 10 urteko neskatila, beste auzo batera doa bizitzera gurasoekin eta ahizpa txikiarekin batera. Auzoan lagun berriak egingo ditu. Dena den, Laurek sekretu bat du: bere burua Mickäel mutiltzat aurkezten du. Lisa, taldeko neska bat, harekin maiteminduko da Mickäel dela pentsatuz, eta horrek egoera korapilatsuak eragingo ditu.
Filma amaitu ondoren, solasaldia izango da. Kasu honetan, Ander Gisasola Kresala Zinemaklubeko kideak dinamizatuko du, eta Einarr Manterola Naizeneko kideak parte hartuko du. Informazio guztia Bagera elkartearen webgunean topatu daiteke.
Ostiraleko saioaz gain, ondo bidean, Bageraren zine forumeko beste saio bat egingo dute. Filma, data eta ordua aurrerago zehaztuko dituzte.