Ostalariek ez dituzte ordaindu beharko terrazen eta hondakinen bilketaren gaineko zergak
Hiriko ostalaritzaren egoera arintzeko modua aztertzen ari da Donostiako Udala. Terrazen eta hondakinen bilketaren gaineko zergak ez kobratzearen alde agertu da Eneko Goia alkatea. Erabat ziurtatu ez badu ere, ostalarien jarduera geldirik dagoen bitartean udalaren esku dauden zergak aztertuko dituztela esan du Goiak. Horrekin batera, ostalarien ordezkariekin laster elkartuko direla aurreratu du.
Martxoaren bigarren hamabostaldian eta apirilean establezimendu asko itxita egon ostean, udalak aipaturiko zergak gutxitzea erabaki zuen. COVID-19aren hedapena eteteko Eusko Jaurlaritzak harturiko neurri berrien aurrean, zergen ordenantza berriz aldatzea aztertuko dute. Terrazen eta hondakinen bilketaren gaineko zergekin batera, jarduera ekonomikoaren tasa ere aztertuko dutela esan du Goiak. “Aurtengo fakturazioan jaitsiera nabarmena izango dute ostalari batzuek, eta baliteke datorren urtean zerga hau ordaindu behar izatea. Gutxienekoa gainditzen duten establezimenduei ere zerga gutxitzea aztertuko dugu. Denbora dago, eta prest gaude”.
Alokairuen aferari dagokionez, Goiak aitortu du ez dela erraza: “Udalak eragiteko dituen tresnak ez dira existitzen. Alokairua ezin du udalak arautu. Bitartekaritza lanetik harago ezin dugu ezer egin”.
30 milioi euroko laguntza
Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euroko aparteko laguntza programa berri bat onartu du. Negozioko 3.000 eta 4.000 euro artekoak izango dira, langile kopuruaren arabera. Baldintza gisa, jarduera gutxienez lau hilabetez mantendu beharko dute. Hurrengo astetik aurrera eskatu ahal izango dira, eta urtea amaitu baino lehen banatu nahi ditu gobernuak.