"Erabilera izan zen hasieratik euskara elkarteen diskurtsoaren muinetako bat"
Euskaltzaleen Topaguneko burua da Kike Amonarriz (Tolosa, 1961), eta euskara elkarteen diskurtsoei buruz jardungo du azaroaren 14ko Bagera elkartearen jardunaldietan.
Bagera elkarteak antolatutako azaroaren 14ko jardunaldietan parte hartuko duzu Miren Artetxerekin eta Jone Miren Hernandezekin batera. Zeren inguruan jardungo duzu?
Nire asmoa da euskara elkarteen eta topagunearen historian diskurtso mailan izan ditugun oinarri, iturri eta ekarpen nagusiak azaltzea, eta eginkizun edo jorragai ditugun eremuak zehaztea.
Zein izan zen euskara elkarteen diskurtsoa sorreran? Eta nola joan dira eraldatuz?
Esango nuke oinarri batzuk mantendu direla oso sendo, eta beste batzuk joan direla eraldatuz, egokitzen edo ñabardurak hartzen. Lehen euskara elkartea, aintzindaritzat jotzen duguna, Arrasate Euskaldun Dezagun [AED] izan zen, eta 1983an sortu zen. Aurretik baziren jada esperientzia batzuk, baina AED izan zen euskaltzaleen mugimenduari hasiera eman ziona. Oso garai polarizatua zen, eta AEDk oinarri filosofiko bat ezarri zuen. Euskara elkarteen diskurtsoa oinarritu zen, batetik, pentsakera desberdinetako euskaltzaleak elkartzeko borondatean. Horregatik, ordutik gehien erabiltzen dugun diskurtsoetako bat da, batzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago delako. “Euskarak batzen gaitu” izan zen diskurtsoaren oinarrietako bat. Bigarrena izan zen mugimendu euskaltzale autoeratua eta autozentratua lortu nahi zela, independentea beste erakunde eta elkarteekiko. Erabilera izan zen hasiera-hasieratik euskara elkarteen helburu, ardatz, eta diskurtsoaren muinetako bat, eta beste erakundeekin elkarlana edukitzeari ere garrantzia eman zitzaion; garai hartan, batez ere, udalekin. Gaur egun oso ohikoa eman dezakeen diskurtsoa garai hartan berrikuntza handia izan zen.
Garai hartan ezarritako zein oinarrik iraun dute gaur arte?
Aipatu ditudan gehienek iraun dute, haien gorabeherekin. Eta Euskaraldiaren diskurtsoa ere oso bat dator esandako diskurtsoarekin. Beste gauza bat da diskurtso hori izanik, helburuak zein neurritan bete diren, eta hor gorabehera handiak ikusiko genituzke. Euskara elkarteen mugimendua heldua da, eta mugimendu heldu guztiekin gertatzen den bezala, eraberritzea eta ilusio berriak piztea behar du. Uste dut Euskaraldia izan dela ilusio berri hori pizteko helduleku garrantzitsu bat, baina aurrera begira hori lantzen eta elikatzen jarraitu behar dugu zalantzarik gabe.
Elkarlanari garrantzia ematen diozue?
Garrantzitsua izan da Euskaltzaleen Topaguneak euskalgintzako beste eragileekin daukan elkarlana, eta euskalgintzako eragileen artean sortu den elkarlana. Horri garrantzi berezia eman nahi izan diogu koronabirusaren garai honetan: elkar babestu beharra eta elkar lagundu beharra. Erakundeen eta euskalgintzaren artean ere elkarlan garrantzitsua egon da. Azken urte hauetan, ildo horretan sakontzen ari gara baina zailtasun asko gainditu behar izan ditugu eta konfiantza lantzen ere jardun behar izan dugu. Egin kontu hau dena Euskal Herri osoan egiten dela, eta hor badago beste elkarlan bat ere hiru administrazioetako instituzioen artean, eta administrazio bakoitzak bere esparru geografikoko euskalgintzako eragileekin. Ariguneen sorrerarekin, elkarlana zabaldu dugu beste gizarte mugimendu eta eragileetara. Eredu polit bat da, eta eraikitzen ari garen eredu bat da.
Euskaratik urrun baina Euskal herrian bizi diren pertsonak nola erakarri daitezke euskarara?
Hori da daukagun erronka nagusienetako bat, eta iruditzen zait gure diskurtsoen garapenean jorragai eta aztergai daukagun lan eremuetako bat dela erdaldunena. Ari gara gero eta gehiago zuzentzen erdaldunengana. Topagunea sortu zenean, helburu nagusia euskaldunak trinkotzea izan zen, eta azken urteetan gero eta garrantzia handiagoa ematen diogu erdaldunengana zuzentzeari, erdaldunak aktibatzeari dagozkien esparruetan. Erdaldunak oso multzo heterogeneoa dira, baina beraiekin partekatu beharreko oinarri batzuk badaude. Ez da gauza bera Donostian, Tolosan, Baionan, Iruñean edo Tuteran zuzentzea erdaldunei, baina oinarri batzuk baditugu: bestearekiko errespetua, aniztasunaren lanketa, eta bizikidetza linguistikoa. Elkarte autonomoan [Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban] biztanleriaren gehiengoa euskara sustatzearen alde dago. Hor badago aldeko jarrera bat optimizatu genezakeena, eta euskararen aldeko dinamikak bultzatzeko prestutasuna izan dezakeena. Desberdina da Nafarroan edo Iparraldean, erdaldunekin beste oinarri batzuetatik hasi beharko genuke. Garrantzitsua da informazioa ematea, ikuspegi historikoa lantzea, eta beste aspektu batzuk jorratzea.
Euskararen ezagutzatik erabilerarako jauzia egiteko moduaren inguruan eztabaida dago. Zein da zure iritzia?
Kontuan hartu behar dugu gaur egun euskaldunen tipologiak ikaragarri aldatu direla, eta gazte euskaldunen gehiengoa familia erdaldunetatik datorrela eta giro erdaldunetan bizi dela. Abiapuntu hori ezin dugu ahaztu. Euskaraldiak erakutsi digu hizkuntza-ohiturak aldatzea posible dela, baina horretarako, baldintza batzuk behar dira: hizkuntza-aldaketak errazago burutzen dira kolektiboki egiten bada, eta babes sozial, ekonomiko eta komunikatiboa baldin badago. Garrantzitsua da informazioa ematea, badago motibazio lan bat, baina era guztietako elkarte, enpresa eta erakundeek baldintzak sortu behar dituzte hiztunek hizkuntza erabili ahal izan dezaten, edo hizkuntza aldaketa horiek egin ahal izan ditzaten. Eskolak egiten den lanak ezinbesteko bi babes behar ditu: eremu ez-formala eta esparru sozioekonomikoa. Eskolak bakarrik ezin du, eta haur eta gazte horiek eskolatik kanpo izan behar dute euskara erabiltzeko aukera. Hori egiten badugu, euskararen erabilera ohikoagoa, normalagoa eta errazagoa izango da. Arlo sozioekonomikoan, erdaldunek daukaten erantzukizun linguistikoa sartzen da. Zertarako ari dira gure haur eta gazteak euskaraz ikasten, gero lanean gutxienez euskaraz ere ezingo badute egin? Beraz, lan munduan ardura postuetan dagoen belaunaldiak, euskalduna izan edo ez izan, baldintzak sortu beharko ditu euskaldunduta datorren belaunaldi horrek alor sozioekonomikoan ere euskaraz egin ahal izateko. Ondorengo hamarkadetan ezinbestekoa izango da jauzi bat ematea bi alor horietan.
Zeintzuk dira euskarak etorkizunera begira dituen erronkak?
Pandemiak egoera aldatu egin digu, eta egia da euskarari kalte handia egin diola. Haur eta gazte asko egon dira ia sei hilabetez euskararekiko kontaktua galduta, eta horrek ondorioak ditu. Euskalgintza ere ukituta geratu da. Beraz, koronabirusak gure egoera zaildu egin du, eta horrek erronka batzuk berritu egin dizkigu, eta beste batzuk mahai gainean jarri. Batetik, ezinbestekoa iruditzen zait hezkuntzan egiten ari den lana indartzea, eta lortzea hezkuntza-sistematik ateratzen diren gazte guztiek euskara maila egokia izatea. Ondoren etorriko litzateke erabilera esparruak handitzea, eta euskararen erabilera ohikoa izateko baldintzak ugaltzea. Hor administrazioak dauka erantzukizunaren eta arduraren zati handi bat, eta gizarte eragileek eta herritarrok daukagu erantzukizunaren eta arduraren zati bat. Erabilera izango da datozen hamarkadetan euskararen biziberritze prozesuaren gako nagusia. Lortzen badugu erabileran pauso sendoak ematea, esango nuke euskararen etorkizuna normalizatuta dauden hizkuntzen norabidean jarriko dugula. Baina ez baldin badugu lortzen ezagutzan izan dugun aurrerapenaren ondorioz erabileraren alorrean ere aurrerapauso nabarmenak izatea, gerta dakiguke atzerapausoak ematen hastea.