Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak beste pauso bat eman du Zubietako Norte III espetxea eraikitzeko
Norte III espetxea eraikitzen dutenean itxiko dute Martuteneko kartzela. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak baimena eman dio S.M.E., Estatuko Espetxe Azpiegitura eta Ekipamenduen Sozietateari (SIEPSE) Zubietako Norte III espetxe berria eraikitzeko kontratua lehiaketara ateratzerako. Donostiako kartzela berria Espainiako Gobernuko Espetxeen Sorkuntza eta Amortizazio planaren barruan sartzen da (2019ko urtarrilaren 18an berrikusi zuten plana azken aldiz), eta Martuteneko kartzela ordezkatuko du. Proiektuaren oinarrizko aurrekontua 41.355.642,62 eurokoa da, BEZ gabe, eta lanak 22 hilabeteko epean bukatu beharko dira. Kontratua adjudikatzeko lehiaketa publikoa izango da. Kartzela berriak 232 ziega bikoitz eta hainbat aurrerapen teknologiko izango ditu.
Hain justu, joan den astean Zubietako kartzela berriari buruz hitz egin zuen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne Ministroak Senatuan, Maribel Vaquero jeltzaleak galdetuta. Izan ere, Donostiako Udala Martuteneko kartzela eraisteko zain dago, eremu horretan Txomiñeneko hirigintza planeko bigarren fasearekin hasteko. Espetxe berriko proiektuaren epeak aintzat hartuta, Grande-Marlaskak azaldu zuen Martutenekoa 2023an ixtea aurreikusten duela gobernuak. Izan ere, Zubietako zentroa prest izan arte ez dute Martutenekoa itxiko. Espainiako Gobernuak 2011. urtean sinatu zuen Zubietako kartzela berria eraikitzeko hitzarmena Donostiako Udalarekin, baina hainbat atzerapen izan dira ordutik. Eneko Goia alkateak ontzat jo du Ministroen Kontseiluaren erabakia, “albiste ezinhobea” dela nabarmendu baitu.
Kartzelaz gain, Donostiako beste gai bati ere tratatu dute aste honetan Espainiako Gobernuan. Hain zuzen, Luke Uribe-Etxebarria senatari jeltzaleak Loiolako kuartelen gaia atera zuen duela bi aste Senatuan. Atzo, ordea, Esperanza Casteleiro Estatuko Defentsa idazkariak adierazi zuen udalak kuartelak lekualdatzeko proposatutako lursailak ez direla egokiak, eta, beraz, militarrek Loiolan jarraituko dutela momentuz. Udala aspalditik ari da eskatzen kuartelen lursaila bere esku gelditzeko, eremu horretan eraiki ahal izateko.


