Hirian aplikatzeko produktu eta zerbitzu adimentsuen lehiaketa antolatu du udalak
Donostian aplikatzeko produktu eta zerbitzu berritzaile eta adimentsuen lehiaketa antolatu du Donostiako Udalak, halako proiektuen garapena tokiko enpresetan sustatzeko helburuarekin. Izan ere, udalaren arabera, halako produktu eta zerbitzuek onurak ekarriko dizkiete herritarrei eta berrikuntza teknologikoari, baita tokiko enpresa sarea posizionatzen lagundu ere.
Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak azaldu du lehiaketa aukera ona dela tokiko enpresentzako eta herritarrentzako: “Egoera zail honetan, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak eta Donostia Sustapenak uste dugu komeni dela inguruko enpresa teknologiko eta berritzaileei aukerak ematea, beren proiektuak eta jakintzak dibulgatzen eta horietan aurrera egiten jarrai dezaten, Donostiakoa bezalako inguru erreal batean beren ideiak probatuz. Gainera, hiriak eta bertako biztanleek inoiz baino gehiago behar dituzte beren egunerokoa eta bizi kalitatea teknologiari esker hobetzeko irtenbide berritzaileak. Horregatik da interesgarria deialdi hau, aukera ematen baitu enpresa teknologikoen, Donostiaren eta bertako biztanleen artean loturak sortzeko, normaltasun berriaren mugek sortu diguten egoera hobetzeko asmoz”.
Lehiaketan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hogei egunekoa izango da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Lehiaketan aurkezteko, fomentoss@donostia.eus helbide elektronikora idatzi behar da, eta proiektua hainbat ildo telematikori buruzkoak izan behar dira: IKT soluzioen ildo tematikoa, jasangarritasun energetikoaren ildoa eta SmartKalea proiektuaren esparruan ezarririko proposamen irekien ildoa. Gehienez sei proiektu hautatuko dituzte (ildo bakoitzetik bi), eta 5.000 euroko saria eskuratuko du hautatutako proiektu bakoitzak. Lehiaketaren oinarriak Donostia Sustapenaren webgunean kontsultatu daitezke.