Osasun publikoan diru gehiago inbertitzea eskatzeko aldarrikapen ekintza bat egin dute Grosen
Non dago diru publikoa? Metroko dirua, Osakidetzara lelopean, aldarrikapen ekintzari ekin dio Sortuk. Goizean goiz, Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Gipuzkoako delegaritzaren eraikinera joan dira. Lehen solairuko balkoitik pankarta handi bat zintzilikatu dute aipatutako leloarekin. Ekintza amaitzeko, aldarrikapen bat irakurri dute “elkarlanaren, komunitatearen eta erantzukizunaren garaia” dela azpimarratuz.
Honetan, besteak beste, Donostiako metroa egiteko lanek izango duten gainkostua izan dute hizpide, eta diru hori “osasungintza publikoan inbertitzeko” eskatu diote jaurlaritzari, baita AHTra, Iberdrolara eta Petronorrera bideratutako dirua ere. Hain zuzen, jaso dutenez, “medikuak, erizainak, aztarnariak, zeladoreak, administrazioko langileak eta PCR probak falta dira”; alegia, guztiok artatuko gaituen osasungintza publikoak “inbertsio publikoak behar dituela” nabarmendu dute. Aldarrikapen osoa bideo honetan jaso du IRUTXULOKO HITZAk.
Ekintza honen bitartez, Sortuk bat egin nahi izan du azkeneko asteetan herritarrek osasun publikoaren alde egindako mobilizazioekin. Gaur arratsaldean beste hainbat elkarretaratzetara deitu dute herritarrek.