Ostalariek protestara deitu dute ostiralerako
Ostalaritza sektorea nabarmen kolpatu du koronabirusaren pandemiaren bigarren olatuak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak taberna eta jatetxe guztiak ixteko neurria ezarri zuen, eta joan den larunbatetik ezin izan dituzte ateak zabaldu. Hori dela eta, Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak beste elkarretaratze bat antolatu du aste honetan. Ostiralean, hilaren 13an izango da, eguerdiko 12:00etan, udaletxean.
Elkarretaratzeak hainbat aldarrikapen ditu: batetik, Eusko Jaurlaritzak ezarritako arau zorrotzekin batera, sektorea laguntzeko eta bultzatzeko neurriak ezartzea; bestetik, lokalen alokairuei eta hipotekei aurre egin ahal izateko, Espainiako Gobernuaren esku-hartzea; ondoren, presio fiskala jaisteko, udal tasak ostalarien diru-sarreren arabera jaistea; eta azkenik, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea duten langileei dagokienean ordaintzeko eta ordaindu beharreko BEZ-a aldi baterako murriztea.
Ostiraleko elkarretaratzea ez da orain arte antolatutako lehen mobilizazioa. Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak abuztutik darama protestak antolatzen, euren sektorearen kriminalizazioa salatzeko, baita eure negozioak arriskuan jartzen ari zirela ere. Neurri berriak ezarri zirenean ere, kalera irteten jarraitu zuten, eta joan den larunbatean manifestazio bat egin zuten Erdialdean.