San Martin auzoa berreskuratzeko egitasmoaren logoa aurkeztu dute
San Martin auzoa berreskuratzeko egitasmoak badu logoa. Iñigo Manterola eskultore eta margolariak diseinatu du. Hain zuzen ere, arte estudioa auzoan, Zaragoza plazan, izan baitu orain arte. Aurkezpena udaletxean egin dute gaur goizean, San Martin Eguna dela aprobetxatuta. Auzoko tradizioak berreskuratzeko ere lanean ari dira, eta egun aproposa iruditu zitzaien gaurkoa aurkezpena egiteko. Hasiera batean, Convent Gardenen egin nahi zuten, baina koronabirusagatik ezarritako neurri berriak direla eta, udaletxean egin dute. Han izan dira, egitasmoaren parte diren hainbat saltoki, eta euren izenean hitz egin du Ignacio Baraiazarra Barayazarra Casteres arkitektura eta diseinu estudioko arduradunak, eta egitasmoaren bozeramaileetako batek. Udalari eskerrak emateaz gain, nabarmendu du egitasmo honekin “potentzial handiko gune bat dinamizatu eta ikustarazi nahi dutela”. Alkateak ere parte hartu du aurkezpenean, egindako esfortzua aintzat hartuz.
Iñigo Manterolak proposamena gustura onartu zuela kontatu du. Logoa diseinatzeko komertzio txiki guztiak orbanak balira bezala irudikatu ditu, eta horiek guztiak elkartzean San Martin auzoa osatzen dutela erakutsi nahi izan du bere lanarekin. Hala ere, amaierako emaitza hori izan bada ere, eskultura txiki bat ere sortu zuela kontatu du Manterolak. Izan ere, lan taldearekin bildu zenean hartutako ideia bat izan zen auzoa harresitik kanpo zegoela, baina nolabait harresiaren indarra zuela. Hori dela eta, hasieran beste bide batetik jo zuen artistak, negozioak altxatzeko eta auzoa ikustarazteko esfortzua nabarmentzeko helburuarekin. Hortik abiatuz, diseinu bat sortu zuen, eskultura forman, Sa eta Ma lotuz, batak bestea altxatzeko eta indartzeko egiten duen esfortzua nabarmenduz.
Lortutako lehenengo emaitza hori logo bilakatzea baztertu bazuen ere —bektorialera pasatzerakoan galtzen zuenagatik—, proposamena onartu zuten bizilagunek. Izan ere, aukera ikusi zuten eskultura edo irudi hori “etorkizuneko auzoko festetan eta lehiaketetan banatzeko saria” izan zedin. Era berean, ez dute baztertu etorkizunean Zaragoza plazan eskulturaren bertsio handi bat jartzea. Momentuz, logoaz gain, 3 dimentsioko eskultura txiki bat izango ditu San Martin auzoa berreskuratzeko egitasmoak.
Txistulariak musikaz bete dute auzoa
Logoa aurkezteaz gain, San Martin Eguna ospatu nahi izan dute auzoan. Hasiera batean, garai batean bezala, tabernek odolki pintxoak eskaini behar zituzten, baina neurri berriekin, hori ere bertan behera utzi behar izan zuten. Hala ere, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak musikaz bete du auzoa goizean, eta balkoietatik eta lehioetatik txalotu dituzte bizilagunek, pozaren pozez. Auzo historikoaren danborradak omentzeaz gain, 106 urteko Teresa Aguilar bizilagunari abesti bat eskaini diote.
Hedabide honek San Martin auzoa berpizteko egitasmoaren inguruko erreportaje zabala egin zuen irailean, auzoko hainbat dendarirekin hitz eginez: Ibon Etxeberriarekin, Karmele Eguesekin, Helena Hernandezekin eta Oihana Arnaizekin, hain justu.