Metroaren aurkako manifestazioa egingo dute larunbatean
Satorralaia bizilagunen mugimenduak antolaturik, manifestazioa egingo dute larunbatean, Zer gehiago gertatu behar da? Orain da unea: ardurak argitu, metroa behin betiko gelditu! lelopean. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Koldo Mitxelena kulturunetik, eta “Donostiako metroaren obretan jazo diren gertakari larriak eta %80-tik gorako gainkostuak” salatuko dituzte.
“Metroaren obretan azaleratu den lardaskeria itzelaren inguruan ardurak argitu daitezela” eskatuko dute Satorralaiakoek, baita obra behin-betiko geratzea ere. Izan ere, proiektua “zentzugabekeria” bat dela deritzote Satorralaiakoek: “Proiektu hau Donostiako ibai-marea lur hareatsuetan eraikita dauden erdialdeko eta Amara auzoko lurpea desegonkortzeko arriskuak aintzat hartu gabe eta ezjakintasun izugarriarekin diseinatu da”.
Bestetik, “baliabideen xahuketa justifikaezina” dago obraren atzean, Satorralaiakoen arabera, eta “herritar gehienen iritziaren aurka inposatu da”.