1936ko Altzako Udal Korporazioari aitormen instituzionala egiteko proposamena aztertuko udalak
Ekialdeko Barrutiaren Batzarrak lau ordezkari gehiago ditu; udal talde politikoetako bi ordezkari, auzo elkarteetako ordezkari bat eta arlo entitateetako ordezkari bat. Horiekin batera, lehen bilera egin zuten herenegun.
Landu zituzten gaien artean, nabarmentzekoa da Altzako Historia Mintegiak aurkezturiko proposamena. Hain zuzen ere, 1936ko Altzako Udal Korporazioari aitormen instituzionala egiteko eskaera aztertu zuen batzarrak. Horretako, lantalde propio bat sortuko da proposamen bat lantzeko eta, ondoren, Giza Eskubideen departamentuari bideratuko zaio.
Bestalde, Herri Partaidetzako zerbitzuburuak eta Udaleko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin zuten, barrutiaren eta gainerako udal egituren arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetzeko hainbat neurri aurkezteko; bereziki, informazio fluxuei buruzko neurriak. Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek ere agerraldia egin zuen. Hirigintza gaietan barrutiaren arduradunak aurkeztu zituen, eta gai hauei buruzko galderei erantzun zien; Plan Orokorraren aldaketa, Auditz Akular, Uliako plan berezia, Zardoya Otis, Papin eta auzoen banaketa, besteak beste.
Udal aurrekontutik barrutiari dagokion dirua zehaztuta, adostu zen Barrutiaren Egitura Lantaldeak hurrengo astean bilera egitea aurrera eraman beharreko proiektuen proposamena egin eta batzarrak onar dezan.