"Behintzat auzoko bizilagunen artean hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugu"
Donostiako auzoetako euskara batzordeek hainbat aste daramatzate Euskaraldia prestatzeko buru-belarri lanean, eta jarduera ugari prestatu dituzte. Nora Garziak Parte Zaharreko Euskaraldia nolakoa izango den azaldu digu.
Zer prestatu duzue Euskaraldirako?
Hainbat gauza antolatu ditugu. Esaterako, larunbatean Nerea Arriolaren Txor Txor umorezko bakarrizketa izango dugu San Jeronimo kaleko kriptan; gonbidapena eskatu behar da azeuskarabatzordea@gmail.com helbide elektronikora idatziz. Bestalde, azaroaren 20an Liderrak formakuntza saioa izango dugu Kresala elkarteko aretoan, eta azaroaren 28an bertso saioa egingo dugu Konstituzio plazan.
Zeintzuk dira auzoan dituzuen erronkak?
Auzoko hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugu. Zaila da, izan ere, gure auzoko establezimendu asko turismora bideratuta daudenez, beste hizkuntzatan jartzen dituzte kartelak eta bestelakoak. Hala ere, behintzat auzoko bizilagunen artean ohiturak aldatu nahi ditugu.
Nolakoa izan zen 2018ko esperientzia?
2.212 bizilagunek eman genuen izena: 1.557 ahobizi izan ziren eta 655 belarriprest. Beraz, aurten helburu nagusia da ahobizi gehiago izatea eta belarriprestak ere animatzea, ez delako beharrezkoa ahobizi izatea.
Nola ari zarete Euskaraldia antolatzen?
Gauza puntualetarako elkartzen da auzoko euskara batzordea, eta orain horretan ari gara. Bi astean behin biltzen gara, eta Bagera elkartearen laguntzarekin antolatzen dugu dena.
Nolako harrera izango du Euskaraldiak Parte Zaharrean?
Uste dugu jende gehiago animatuko dela, baina ez dakigu pandemiak nola eragingo duen.