"Bereziki, haurren artean sustatzen dugu euskararen erabilera, errazagoa delako"
Donostiako auzoetako euskara batzordeek hainbat aste daramatzate Euskaraldia prestatzeko buru-belarri lanean, eta jarduera ugari prestatu dituzte. Juanjo Ugartemendiak Martuteneko Euskaraldia nolakoa izango den azaldu digu.
Zer egingo duzue Martutenen Euskaraldian?
Bizi dugun egoerara egokitutako jarduera gutxi batzuk antolatu ditugu. Esaterako, Oihan Vegaren Euskañolitis bakarrizketa izango dugu ostiralean, ikastetxeko jolastokian. Bestalde, Ainara Azpiazu artistak Euskaraldiarekin lotutako horma-irudia egingo du hilaren 23tik 28ra auzoko Larrun Mendi etxearen beheko horma batean. Azkenik, urtero bertso bazkaria egin ohi dugu Euskararen Egunaren bueltan, baina aurten ez da posible bazkaria egitea; beraz, Agin Laburu eta Maialen Lujanbioren bertso saioa izango dugu, azaroaren 29an.
Zein helburu dituzue?
Martutenen euskararen presentzia areagotzea izan da beti euskara batzordearen helburua, eta bide beretik goaz Euskaraldian. Bereziki, haurren artean sustatzen dugu euskararen erabilera, errazagoa delako
Martutenen jende askok hartuko du parte Euskaraldian?
Aurten zaila da hori neurtzea, pandemiarengatik. Horma-irudia zen jendearen parte-hartzea sustatzeko modu bat, baina koronabirusa dela eta, bizilagunek ezin izango dute parte hartu.
Zer esango zenieke Martutenekoei Euskaraldian parte hartzera animatzeko?
Duela bi urteko esperientzia oso ona izan zen, batzuetan behar ditugulako horrelako kitzikapenak, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko. Euskaraldia horretarako aukera ona dela esango nieke.