Eskola Kirola bertan behera utzi izana salatzeko protesta sinbolikoa, iruditan
Eusko Jaurlaritzak Eskola Kirola programa bertan behera utzi du pandemiagatik ezarritako azken dekretuan. Donostialdeko hainbat ikastetxe publikotako gurasoek asteazkenean izan zuten honen berri, Foru Aldundiak hartutako erabakia jasotzen zuen eskutitza jaso zutenean. Aldundiak esan du Jaurlaritzaren dekretuak hori argi eta garbi jasotzen zuela, baina gurasoak ez datoz bat hartutako erabakiarekin, eskolako protokolo guztiak mantenduta eta egindako egokitzapenekin eskola kirola egin daitekeela defendatzen dutelako. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eskutiz bat bidali diote gaur, hainbat ikastetxetako guraso elkarteek sinatutakoa. Era berean, modu sinbolikoan, gaur haurrak beltzez jantzita eskolara joateko deialdia zabaldu zuten.
Protesta sinboliko horren emaitzak argazkietan jaso dituzte Amara Berri ikastetxeko guraso elkarteak, Amassorrain ikastetxeko Gorgain guraso elkarteak, Ibai ikastolako Ibaigura guraso elkarteak eta Igeldoko eskola publikoko Mendizorrotz guraso elkarteak. IRUTXULOKO HITZAk irudi galeria bat osatu du jasotako argazkiekin.