Euskaraz aritzeko hamaika gune
Euskaraldiaren aurtengo ekitaldian, ariguneak izango dira berritasun nagusia. Euskaraz lasai aritzeko guneak dira, eta denetariko entitateek hainbat arigune sortu dituzte Donostian: San Martin eta Bretxa merkatuek, Realak, Miramongo teknologia parkea kudeatzen duen enpresak, Jesuitak ikastetxeak eta Amara Berriko auzo elkarteak, besteak beste.
Euskaraldiaren bigarren ekitaldia egingo dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra. 2018an bezala, ariketa sozial masibo horren helburua da herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea. Ahobizi eta belarriprest izan dira Euskaraldiren protagonistak orain arte: ahobizik euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz egingo du, eta belarriprestek, berriz, nahiz eta uneoro euskaraz ez egin, besteek euskaraz egin diezaioten eskatuko du. Euskaraldian parte hartzeko bi rol horiek norbanakoek hartzen dituzte. Hala ere, aurtengo Euskaraldiak pauso bat eman du aurrera, eta euskaraz jarduteko konpromisoak norbanakotik taldera jauzi egin du. Horren ondorio dira ariguneak, Euskaraldiaren berritasun nagusia.
Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, eta ariguneetako pertsonak ahobizi edo belarriprest izango badira ere, ariketa modu kolektiboan egingo dute. Ariguneak entitateetan egongo dira. Maddi Juanikorena Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kideak azaldu duenez, izaera desberdinetakoak izan daitezke ariguneak: “Izan daitezke ikastetxeak, denda bat, administrazio publikoko edozein gune, eragile bat, elkarte bat… Arigune izango lirateke espazio edo entitate horietan dauden gune finko batzuk: gune horietan hartzen da erabaki bat taldean adostasunez hizkuntza ohiturak euskarara aldatzeko”. Entitateetan dauden ariguneek, beraz, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro.
Ariguneak bi motatakoak izan daitezke: barne ariguneak edo kanpo ariguneak. Barne ariguneak entitateen barruko kideen arteko taldeak dira, eta talde horietako guztiek gutxienez euskara ulertu behar dute. Barne ariguneak denetarikoak izan daitezke: atalak, bulegoak, ikasgelak, denda bateko langileek osatutako taldea, eta abar. Barne arigune bateko kideek modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza ohiturak aldatzekoa adostuko dute, eta euskaraz jardungo dute euren artean, izan ahobizi moduan, izan belarriprest gisa.
Kanpo arigunea entitatetik kanpoko pertsonekin harremana duten entitateko pertsonek osatzen dute. Kanpo arigunea osatuta, entitate horretara jotzen duen edozein pertsonak arreta euskaraz jasotzeko bermea izango du, izan ahobizi rola duen kide baten edo belarriprest den kide baten bidez. Kanpo ariguneak jendaurreko postuak, supermerkatuetako kutxak edo dendariak izan daitezke.
Maddi Juanikorenak balioa aitortu die ariguneei: “Oso modu eraginkorra iruditzen zaigu hizkuntza ohiturak aldatzeaz gain, denboran irauteko. Egunerokotasuneko dinamika baten barruan hautu kontziente bat egiten da, erabaki kolektibo baten bidez, eta ariguneetako kideei taldeko hizkuntza-ohiturei buruz jabetzeko, eta zer aldatu daitekeen pentsatzeko balioko die ariketak”.
Entitate baten barruan arigune ugari egon daitezke, bai barnekoak bai kanpokoak. “Entitate baten barruan arigune asko sortzea izango litzateke helburua, eta hurrengo ediziora begira, entitateek arigune gehiago izateko baldintzak sortu ditzakete”, nabarmendu du Bagera elkarteko kideak.
Donostian 1.670 arigune sortu dituzte aurtengo ekitaldirako, eta arigune hori guztiek 233 entitateren barruan daude. “Donostiako arigune gehienak barrura begirakoak dira, baina entitate gehienetan bietatik dago”, azaldu du Juanikorenak. Denetariko entitateek sortu dituzte ariguneak, eta jarraian, horietako zenbait aurkeztuko dizkizuegu.
Euskara, azokara
Hizkuntza baten erabilera normalizatua egon dadin, ezinbestekoa da gizarteko espazio guztiak okupatzea, bai pribatua bai publikoa, hala etxekoa nola plazakoa. Ariguneek espazio publikoan, etxetik kanpo, euskararen erabilera hedatzeko funtzioa betetzen dute, besteak beste.
Espazio publiko paradigmatikoak dira merkatuak, herritarrak elikagaiak erosteko biltzen baitira eremu horietan, eta egunerokotasunean pertsonen arteko hartu-eman ugari izaten direlako hor. Haien historia luzean eraldaketa handiak jasan badituzte ere, zutik diraute San Martin eta Bretxa merkatuek. Globalizazioak eremu handia kendu die, bertako produktuak saltzen dituzten bi merkatuetara herritar asko joaten dira erosketak egitera; azaroaren 20tik abenduaren 4ra arigune izango dira.
Miren Zelaia San Martin merkatuko zuzendaria da, eta Euskaraldian parte hartzea haien balioekin bat datorrela adierazi du: “Donostiaren erdigunean gaude, eta gure estrategia bertakoa zaintzea da: hemengo gauzak zaindu behar ditugu. Orduan, pentsatu genuen geure artean ere euskarazko arigune bat izatea positiboa zela”. San Martin merkatuan osatuko duten arigunea ez da kanpora begirakoa izango: “Barne arigunea osatu dugu merkatuko hamar langilek: asko gara euskara dakigunak, eta ahobizi eta belarriprest moduan eman dugu izena. Hamar langile inguruk osatuko dugu arigunea: belarriprest batzuk daudenez, ez dugu ohitura geure artean euskaraz hitz egiteko, eta hamabost egun horietan saiatuko gara euskaraz hitz egiten. Gainera, merkatu guztia animatu dugu haiek ere izena ematera indibidualki”.
Zuzendariaren ustez, orokorrean, San Martin merkatuan gaztelera entzuten da gehien, baina ez bereziki euskararen ezagutza faltagatik: “Jende asko dago euskara dakiena, baina nik uste dut ohitura duela erdarara jotzeko. Egia da postuetan denek euskaraz dakitela, eta baserritarren nukleoetan euskara gehiago entzuten da. Hala ere, arigune izatea erabaki dugu interesatzen zaigulako geure artean euskara bultzatzea”.
Barne arigunea osatuko dute merkatuko langileek oraingoan, “pausoak poliki-poliki eman behar direlako”, Zelaiaren esanetan: “Politena hizkuntza ohiturak aldatzea izango litzateke, eta hori da gure asmoa: euskara gehiago hitz egitea. Agian ariketak finkatzen du euskara dakien batekin euskaraz egitea, erdarara pasa gabe”.
San Martin merkatutik ez oso urrun, Bretxa da Donostiako beste merkatu garrantzitsuena. Bretxako merkatua ez da soilik barne arigunea izango, kanpo arigunea ere bai. Iñigo Etxezarreta Bretxa merkatuko Etxezarreta harategiko arduradunak hala azaldu du: “Barrura begirako arigunea saiatzen gara urte osoan zehar mantentzen eta sustatzen, eta, segur aski, egitasmo honekin are gehiago sustatuko dugu. Bestalde, kanpora begira betiko moduan jarraituko dugu, egia esan. Izan ere, beti saiatzen gara lehenengo hitza euskaraz esaten”. Beraz, Bretxa merkatuko langileen artean eta bezeroekin euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute Euskaraldian.
Bretxa merkatuko langileen gehiengoak euskara ezagutzen du, Etxezarretaren arabera: “%50 inguru izango gara ahobiziak. %25 inguru belarriprestak izango dira, eta beste %25 ez bata eta ez bestea”.
Bezeroen kasuan, aitortu du uste zuena baino jende gehiagok ulertzen duela euskara: “Euskaraldia asmatu aurretik, nik aspaldi hartu nuen nolabait ahobizi izateko erabakia, hau da, bezeroekin lehenengo hitza euskaraz egitekoa. Eta imajinatzen nuen moduan, urte hauetan guztietan konturatu naiz uste baino askoz jende gehiagok ulertzen duela euskara Donostian. Hori transmititu diet beti nire langileei eta nire semeei. Askotan, ezustekoak izaten dituzu beti gaztelaniaz hitz egiten dizuten jendearekin”. Hornitzaileekin berdina gertatzen dela esan du Etxezarretak: “Askotan uste duzu ez dakitela euskaraz, baina euskaraz egiten badiezu euskaraz erantzuten dizute, eta eskertzen dute”.
Esperimentuak izan ditzakeen ondorioei erreparatzean, Etxezarreta “ezkorra” da askotan: “2018ko Euskaraldian, esaterako, beti gaztelaniaz hitz egin izan didan bezero bat euskararekin oso konprometituta etorri zen, baina Euskaraldia bukatu bezain laster, beti gaztelaniaz hitz egiten hasi zen berriz. Horrelako jarrerek ezkorra izatera eramaten naute, baina, hala ere, oso beharrezkoak dira Euskaraldiaren moduko egitasmoak”. Gainera, ez dituzte erronka makalak Bretxakoek: “Nagusiki, ez erlaxatzea eta norabide horretan lan egiten jarraitzea da gure erronka nagusia: ez etsitzea. Izan ere, gure artean euskara sustatzen badugu, horrek eragina dauka gure inguruan”, azaldu du Iñigo Etxezarretak.
Euskarak, kolore txuri-urdinak
Euskararen erabilera hedatu behar da merkatuetan, baina baita aisialdian ere. Donostiarrek aisiarako aukera desberdinak egiten badituzte ere, asko dira kirola egitea erabakitzen dutenak. Horiek bezain beste, edo gehiago, dira kirola egiteaz gain ikusi ere egiten dutenak. Horietako gehienak realzaleak dira geure hirian: nork eta Realak ere parte hartuko du Euskaraldian.
Andoni Iraola Real Sociedad Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, haien ildo nagusietako bat euskararen sustapena da: “Gipuzkoa ordezkatu nahi dugu, eta Gipuzkoa oso herrialde euskalduna izanik, euskara sustatu behar dugu. Horregatik hartu genuen parte aurreko Euskaraldian”. Aurtengo Euskaraldian, zortzi arigune osatuko ditu Realak: “Lau kanpo arigune eta beste lau barne arigune izango ditugu, Anoetan, Elkano kaleko dendan eta Zubietako instalazioetan. Anoetan denda eta bazkideen arreta kanpo ariguneak izango dira, eta barne arigune bat ere izango dugu. Zubietan, berriz, hiru barne arigune eta kanpo arigune bat izango ditugu. Beste arigunea, beraz, Elkanokoa da. Guztira, 45 pertsona inguruk eman dute izena gure ariguneetan. Hala ere, segur aski gure beste hainbat langilek ere parte hartuko dute Euskaraldian, norbanako gisa. Gainera, formakuntza saio batzuk egingo ditugu, praktika soziala sustatzeko. Izan ere, jendeari ohiturak aldatzea eta praktika soziala garatzea kostatzen zaio. Horretaz gain, formakuntza saio horietan rolak ondo azalduko ditugu”, azaldu du Iraolak.
Realeko kirolariekin ez dute arigunerik identifikatu, baina norbanako gisa Euskaraldian parte hartzera bultzatu dituzte. Reala oso entitate handia da, eta horregatik, aniztasun handia dago, baita hizkuntza-ohiturei dagokienean ere: “Oso errealitate desberdinak ditugu Realean: jokalari profesionalak, beste kategoriatako jokalariak, teknikariak, zuzendaritza batzordeko kideak, eta abar. Hala ere, ia eremu guztietan euskararen praktika soziala egin daiteke, ezagutza maila altua delako gure langileen artean. Esaterako, gizonezkoen lehen taldean zaila izango da David Silvarekin euskaraz egitea, baina beste jokalari batzuekin eta teknikariekin egin daiteke. Hain zuzen, jokalari asko inguru oso euskaldunetatik datoz, eta Zubietan ere euskaraz egiteko aukera dute. Bestalde, gure dendetan ez dago inolako arazorik praktika soziala garatzeko, ezta Anoetako bazkideen arretan ere”, azaldu du fundazioko zuzendariak.
Hizkuntza ohiturak gero eta gehiago aldatzeko erronka du Realak, Iraolaren arabera: “Praktika soziala sustatzen jarraitu behar dugu. Esaterako, guk badakigu erreferentzialtasun handia dugula, eta horregatik hasi ginen duela hilabete batzuk jokalarien prentsaurreko batzuk euskara hutsean egiten”.
Denetariko entitateak
Merkatuak eta kirol taldeak entitate adierazgarriak dira, baina beste hainbatek ere osatu dituzte ariguneak. Adibidez, zientziarekin eta teknologiarekin lotutako enpresek. Horren erakusgarri da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Elkartea. Gipuzkoako Teknologia Parkean 157 enpresa daude, eta horietatik hamaikak izena eman dute Euskaraldian.
Miramongo parke teknologikoa kudeatzen duen enpresak hainbat arigune sortuko ditu aurtengo Euskaraldian: “Ikusi dugu aukera bat dela Parkeko enpresak, gure hornitzaileak eta gizarteak guri euskaraz hitz egiteko aukera izan dezaten, hemen lan egiten dugunoi, bai pertsonalki, baita hainbat saili ere. Gerentzia sailean eta sail ekonomiko-finantzarioan barne-arigunak identifikatu ditugu, erakundearen barruan euskararen erabilera sustatzeko, eta kanpoko arigunak ere sortu ditugu harrera eta kongresu zerbitzuetan, gerentzia sailean eta sail ekonomiko-finantzarioa: bezeroarekiko eta erakundeekiko harremanetan, hain zuzen”, azaldu du Amaia Bernarasek, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko gerenteak.
Helburu jakin batekin parte hartuko dute Euskaraldian: “Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan euskaraz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza munduan” aritzekoarekin. Miramongo Teknologia Parkean 5.263 pertsonak lan egiten dute, eta hamahiru dira Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Elkartean: “Gehienok euskara ulertzeko gai gara. Sail guztietan badago aukera bezeroekin harremana euskaraz izateko. Batzuk euskaldun zaharrak gara, eta badaude ere euskarako klaseak jarraitzen dituztenak. Helburua euskara komunikazio tresna moduan zabaltzea da”, azaldu du Bernarasek.
Aurtengo Euskaraldian hainbat arigune osatuko dituzte, baina aurreko edizioan ere parte hartu zuten. Fruituak eman zituen, Bernarasen arabera: “Gipuzkoako Parke Teknologikoa elkarteak 2018ko Euskaraldian parte hartu zuen. Euskaraldian parte hartu zuten parkeko enpresekin gure harremanak euskaraz dira harrezkero. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta konturatu ginen uste genuen baino pertsona gehiago daudela Parkean euskaraz harremanetan jartzeko gai. Txapak begiak ireki zizkigun”.
Aurtengoan, Miramongo enpresaren konpromisoa ez da azaroaren 20tik abenduaren 14ra mugatuko: “Gure erakundean euskararen erabilera barneratzea da erronka, barne-komunikaziorako nahiz kanpo-komunikaziorako tresna natural gisa”, adierazi du gerenteak.
Ariguneak, hezkuntzan
Denetariko entitateetan sortu daitezke ariguneak, euskarak ez baitauka mugarik. Hizkuntzaren erabilera hedatzeko helburua dute ariguneek, baina euskara erabiltzen hasi aurretik hizkuntzaren ezagutza bermatzea ezinbestekoa da. Horretarako, hezkuntza da bidea. Izan ere, euskal gazteen gehiengoak eskolan ikasi du euskara, eta geroz eta ikastetxe gehiagotan dago euskaraz ikasteko aukera. Donostian, ikastetxe publikoek, ikastolek eta zenbait kristau-eskolek osatuko dituzte ariguneak, eta azken horietako bat da Jesuitak ikastetxea.
Donostiako eskola zaharrenetako bat da: gizonezkoena bakarrik izatetik, mistoa izatera pasa zen; eta gaztelerazko hezkuntza eskaintzetik, B eredua txertatu zuen duela 40 urte, eta egun, D eredua ere badago haien hezkuntza eskaintzan. Nahiz eta Euskaraldia helduentzako ariketa soziala den, hainbat arigune osatuko dituzte aurtengo Euskaraldian. Hala azaldu du Jon Arruti Jesuitak ikastetxeko zuzendariak: “Gure ikastetxeak euskara bultzatzeko duen helburua kontuan hartuta, ariguneak edozein lekutan jar zitezkeen, horietako edozein egokia baita. Dena den, ekimen honen ideia kontuan hartuz, azkenean zenbait gune estrategiko adieraziko ditugu arigune gisa eta identifikadoreak hor ipiniko ditugu: irakasleen gelak, kafe gelak, etapa bakoitzeko jangelak, idazkaritzako bulegoak, harrera eta kirol instalazioetara sartzeko sarrera… Halaber, Batxilergoko ikasleekin honen inguruan ere lanean ari gara eta ziur aski zenbait ikaslek erabakiko dute haien gela arigune bihurtzea”.
Ikastetxean osatuko dituzten ariguneak barnera zein kanpora begirakoak izango dira: “Ikastetxeko elkartea osatzen dugunen artean euskararen erabilera sendotu nahi dugu, baina baita ikastetxetik kanpo ere. Ikastetxe barruan dagoen edonork aurkitu ahal izango ditu ariguneak hainbat gunetan, nahiz eta berez eskolan euskararen eguneroko erabilera sustatzen dugun. Egia da COVID-19aren egoeraren ondorioz daukagun protokoloa dela eta, ezin dela kanpoko jende asko sartu ikastetxera. Horregatik erabaki dugu, kanpora begira, harreran eta kirol instalazioetara sartzeko sarreran adieraztea, hortik sartzen baitira eskolako txikien gurasoak, garraiolariak eta abar”, azaldu du zuzendariak.
Hainbat arigune sortzeaz gain, Euskaraldia ikastetxeko plangintza metodologikoan txertatuko dutela azaldu du Arrutik: “Egia da zenbait arlotan ez dugula aldaketa handirik egin behar izan; adibidez, euskararen erabilpena egunero bultzatzen dugu klasetik kanpo, jangelan, aisialdi taldean, kirolan eta, ahal dugun heinean, patioan. Klase orduan, zenbait tutoretza orduetan eta euskararen arloan, mailen araberako ekintza desberdinak antolatuko ditugu ikasleek Euskaraldiarekin bat egin dezaten. Hala ere, COVID-19ak eragindako ezjakintasun egoera bereziaren ondorioz, aurreikusita geneuzkan zenbait ekintza ezingo ditugu aurrera eraman, baina era berean beste batzuk birrasmatzen ari gara, astero suertatzen diren aldaketak direla eta”.
Auzo elkarteetan, ere bai
Jesuitak ikastetxea Grosen badago ere, beste auzoetako ikastetxe askok ere ariguneak sortuko dituzte. Auzo askotan, auzo elkarteek bertako ikastetxeekin harreman estua dute euskara bultzatzerako orduan. Amara Berriko auzo elkarteak, adibidez, auzoko guraso elkarteekin elkarlana bilatzen dute: “Euskararen erronka nagusia Amara Berrin azaleratzea eta erabiltzea da. Haurrek eta gazteek eskolatik kanpo euskara erabiltzea garrantzitsua da: aisiarako Amara Berrin ez daude aukera edo bilgune asko euskaraz egingo dutenak edo presentzia izango dutenak. Kirolean ere ez. Umeek ez daukate eskolatik irtetean euskara praktikatzeko gunerik, eta hori oso garrantzitsua da. Umeentzat sortu behar da giro bat, eta serioski planteatu behar da eskolaz kanpoko ariguneak zeintzuk izango diren, eta horiek bultzatu nahi ditugu auzoan. Horregatik gurasoekin jartzen dugu arreta berezia”, azaldu du Marian Zarraonaindia Amara Berriko auzo elkarteko kideak.
Amara Berriko auzo elkarteak euskara bultzatzeko duen konpromisoa dela eta, arigune bat sortuko dute haiek ere auzo elkartearen barruan: auzo elkarteko talde eragilea hamar pertsonak osatzen dute, eta barne arigunea izango da Euskaraldian. “Egia esan, ariguneen kontzeptua oso ondo dator gu egiten ari garena indartzeko. Belarriprest eta ahobizirekin hasi ginenean, auzoan hasi ginen pentsatzen praktikan jarri behar genuela arigune moduko zerbait. Auzo elkarte guztia ez da posible. Izan ere, auzo elkarteak bazkide asko dauzka, baina harremanak ez dira egunerokoak bazkideen artean. Gauza jakinetarako interes desberdinak dauzkan jendea biltzen eta hurbiltzen da. Baina badago talde eragile bat hamar pertsona ingurukoa, eta jada hasiak ginen idazki guztiak elebidunak izan zitezen lanean, edo geure arteko mezuetan, ahobizi eta belarriprest funtzioak betetzen ditugu. Presentzia eduki behar du hizkuntzak, eta ahozkoarekin berdin: denok ez dugu maila berean egiten euskara, baina behintzat egin egiten dugu dakigunok, eta besteek gutxienez belarriprest izateko konpromisoa hartu dute. Hala ere, guk urtean zehar jarraituko dugu, ez hamabost egunetan bakarrik. Nahiz eta ez dugun kanpora begirako arigunea osatu, filosofia berarekin jarduten dugu auzo elkarteko gainerako kideekin eta auzotarrekin”, azaldu du Zarraonaindiak. Talde eragilea betirako arigune izateko asmoa dute.
Amara Berrin Berritsu sarea ere adierazgarria da: “Auzoan euskararen presentzia oso zaila da, eta auzo elkartearekin berdina gertatzen da. Auzo elkartea da auzoaren nolabaiteko isla. Horregatik, aspaldi erabaki genuen elkarteak elkartzea gure artean presentzia areagotzeko. Amara Berri oso auzo handia da: 30.000 pertsona baino gehiago bizi gara, oso ohitura edo jardunbide indibidualak dauzkan jendea gara, eta orduan, asko kostatzen da. Euskara biziberritzeko, Amara Berrin elkartu gara elkarte desberdinak Berritsu sarean, eta auzoan euskararekiko egon daitezken iniziatibak lotzeaz arduratzen da. Gurasoen elkarteak, auzo elkartea, Ikasbide kultur elkartea, kultur etxea, Ilunki, Superxagu jai-batzordea, bi euskaltegiak eta beste eragile batzuk biltzen gara”, azaldu du auzo elkarteko kideak.
Aurtengo Euskaraldian, Donostian entitate ugaritan hamaika gune izango dira euskaraz lasai aritzeko, eta guztiek dute euskararen erabilera hedatzeko asmoa. Ondorioz, hurrengo urteetan gero eta arigune gehiago sortzen joateko helburua dute.