Haurrak beltzez jantzita joan dira eskolara, Eskola Kirola bertan behera utzi izana salatzeko
Donostialdeko hainbat eskola publikotako gurasoek haurrak eskolara beltzez jantzita eramateko deialdia egin dute. Eskola Kirolak segurtasuna bermatzen duela diote, eta hori aldarrikatzeko eskutitz bat bidali dute Eusko Jaurlaritzara.
Gaur ez da ohiko eguna izan Donostialdeko hainbat eskola publikotan. Arropa koloretsuak jarri ordez, gurasoek beltzez jantzi dituzte seme-alabak goitik behera. Protesta egiteko modu sinboliko bat izan da, eta protestarekin bat egin duten eskola askotako guraso elkarteak izan dira: Amassorrain ikastolakoa, Ibai ikastolakoa, Orixe ikastolakoa, Jakintza ikastolakoa, Amara Berri ikastetxekoa, Intxaurrondo eskola publikokoa, Igeldoko eskola publikokoa, Lauaizeta ikastolakoa, eta Ikasbide ikastolakoa. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak Eskola Kirola programa bertan behera uztera derrigortu ditu. “Ez du ez hanka eta ez buru”, nabarmendu du haserre Jakingura Jakintza Ikastolako Guraso Elkarteak.
Aurtengo Eskola Kirola programa urrian jarri zuten martxan eskolek, “esfortzu handiarekin”. “Foru Aldundiak esan zuen haurren ongizaterako garrantzitsua zela ariketa fisikoa egitea, eta Eskola Kirola martxan jartzeko mugimendua izan zen”, kontatu dute Jakinguratik. “Foru Aldundiak lan handia egin du, eta azkenean, esan bezala, urrian lortu genuen, betiere eskolako protokoloak eta burbuilak —gela bakoitzeko bizikidetza taldeak— mantenduz”, azpimaratu dute. Egoera dela eta, ohiko kirol jarduerak egin ordez —futbola, saskibaloia, eta abar—, beste kirol batzuk lehenetsi dituzte: atletismoa, igeriketa, eskalada, herri kirolak eta abar. “Betiko patroietatik atera gara. Bizikidetza taldeak mantendu behar izan ditugunez, talde osoak jarduera desberdinak egin behar izan dituzte”, aipatu dute. “Ondo moldatzen ari ginen”.
Asteazkenean, berriz, Foru Aldundiaren eskutitz bat jaso zuten. “Eusko Jaurlaritzak dekretuan argi eta garbi jarri zuen Eskola Kirola bertan behera geratzen zela, eta guk egin genuen gauza bakarra izan zen federazioetara eta eskoletara eskutitza horiek bidali. Besterik ezin dugu egin”, nabarmendu dute Foru Aldunditik. Izan ere, ordura arte Eskola Kirola hezkuntza arloko jarduera zela jasotzen zen. Dekretu berrian, berriz, Eskola Kirola kirol jardueratzat jo da. “Gu ez gara kirola; hezkuntza barruan gaude. Eskolako jarduera bat da, eta burbuilak mantentzen ditugu”, plazaratu dute Jakinguratik.
Egoera kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzara eskutitz bat bidali dute, Bizikidetza taldetan eskola kirola egiten jarraitzeko eskaera izenburupean, Donostialdeko eskola horiek sinatutakoa. Euren ustez, eskolako protokoloak eta burbuilak momentuz, posible da Eskola Kirolarekin aurrera egitea.
Kontraesanez beteriko egoera
Guraso elkartearen hitzetan, Eskola Kirola bertan behera utzi duten arren, hainbat paradoxa mantentzen dira. “Heziketa fisikoko irakasleak zioen: nola da posible nik talde honekin ariketa fisikoa egin ahal izatea, eta guraso elkarteak ez?”, kontatu dute. Izan ere, Gipuzkoan, Eskola Kirola guraso elkarteek antolatzen dute. “Eskoletatik bultzatzen den Eskola Kirola programa bere horretan soilik Gipuzkoan existitzen da. Bizkaian eta Araban, formatua desberdina da eta beste filosofia bat dute”, azaldu dute Jakinguratik. Bizkaian, esaterako, kluben bitartez egiten da Eskola Kirola.
Hain zuzen, klubetan eta kiroldegietan oraindik ere kirol jarduerak egiteko aukera dute haurrek. “Kiroldegiek zuzenean antolatutako ikastaroak egin daitezke. Baina hauek ez. Leku berdinean egiten dute, pistak berdinak dira eta monitoreak berdinak dira, baina gurea ez dago baimendua eta beraiena, bai”, esan dute Jakinguratik. Horrekin batera, normalean jarduerak antolatzeko begiraleak kontratatzen ditu guraso elkarteak. Kasu batzuetan ERTEak egingo dituztela kontatu dute, eta beste batzuetan, oraindik ere zer egin ikusteko zain daude. Gainera, kasu askotan, haur batzuek kirola egiteko aukera bakarra Eskola Kirola da. “Batzuk joango dira dantza-eskola batera eta 70 euro ordainduko dituzte hilabetean, baina haur gehienek kirola egiteko aukera bakarra dute”.
Pandemia egoeragatik egindako egokitzapenek gauza onak ere ekarri dituztela nabarmendu dute, batik bat berdintasuna sustatzeko: “bizikidetza taldeak mantendu behar izan ditugunez, talde osoak jarduera desberdinak egin behar izan dituzte, eta betiko patroietatik atera gara. Esaterako, futbolean normalean mutil gehiago izaten dira, eta neska gutxiago. Oraingo egoera beriarekin oso pozik gaude denek elkarrekin egiten dutelako, eta gauza berriak egiten dituztelako. Poz-pozik daude herri kirolekin”.