"Iaz ariguneen egitasmo pilotua izan genuen auzoan; beraz, lanketa hori nahiko garatua genuen"
Donostiako auzoetako euskara batzordeek hainbat aste daramatzate Euskaraldia prestatzeko buru-belarri lanean, eta jarduera ugari prestatu dituzte. Mertxe Iñigok Intxaurrondoko Euskaraldia nolakoa izango den azaldu digu.
Nolako lanketa egiten ari zarete?
Iaz ariguneen egitasmo pilotua izan genuen auzoan; beraz, lanketa hori nahiko garatua genuen. Hamazazpi entitate, 70 arigune eta 400 parte-hartzaile inguru izan genituen egitasmo horretan, eta, kopuru horiek mantenduko direla aurreikusten dugu, eta igotzea espero dugu. Orain, ahobiziak eta belarriprestak lortzeko lan egiten ari gara. Esaterako, Gabriel Zelaia plazan izena emateko mahaia jarriko dugu gaur, 16:30etik 20:00etara.
Zeintzuk dira zuen erronkak?
Aurreko egitasmoan 800 ahobizi eta belarriprest inguru izan genituen, eta gure helburua da kopuru horiek igotzea edo, gutxienez, mantentzea. Hala ere, giro hotzagoa ikusten dugu aurten, pandemia dela eta.
Jarduerarik antolatu duzue?
Azaroaren 20an Euskaraldiaren inaugurazio ekitaldia egingo dugu kultur etxean, eta abenduaren 4an itxiera ekitaldia. Tartean, hainbat jarduera egitea aurreikusten dugu, batzuk kultur etxeak antolatuko ditu eta beste batzuk guk; guk antolatuta, esaterako, Pirritx eta Porrotx pailazoak izango ditugu, azaroaren 28an.
Euskaraldirako gogoz ikusten dituzu auzoko bizilagunak?
Mugimendu pixka bat ikusten da, baina pandemia dela eta, iruditzen zaigu badaudela izena eman ez duten arigune posibleak. Horregatik, ariguneen izen-emate epea itxita dagoenez, norbanakoen parte-hartzea sustatzen ari gara orain.