"Iruditzen zait aurten ez duela horrenbeste jendek izan egitasmoaren berri, pandemiarengatik"
Donostiako auzoetako euskara batzordeek hainbat aste daramatzate Euskaraldia prestatzeko buru-belarri lanean, eta jarduera ugari prestatu dituzte. Unai Arregik Loiolako Erriberako Euskaraldia nolakoa izango den azaldu digu.
Nolako lanketa egiten ari zarete auzoan?
Duela bi urteko Euskaraldian oraindik ez ziren ariguneak existitzen, baina detektatu genuen non hitz egin zitekeen euskaraz. Aurten, atzeman dugu leku gehiagotan hitz egin daitekeela euskaraz. Aldiz, ezin izan dugunez jendea elkartzeko ekitaldirik egin, ez dakigu zenbat jendek hartuko duen parte Euskaraldian.
Jarduerak bereziak izango dituzue?
Euskararen Egunaren bueltan, kahoot bat antolatu dugu, azaroaren 28rako. Internet bidez egiten den galdera lehiaketa da kahoota, eta euskararekin zerikusia duten galderak izango ditu.
Zein helburu dituzue Euskaraldirako?
Gure erronka nagusia parkean euskara gehiago entzutea da, helduen zein haurren artean. Izan ere, ezagutza maila handia dago, baina erabilera ez da hain handia. Hala ere, aurten beste auzoetako eta herrietako dendariak etorri dira auzora, eta esan digute Loiolako Erriberan euskara asko entzuten dela.
Zer harrera izango du Euskaraldiak auzoan?
Duela bi urte aurten baino mugimendu gehiago ikusten zen Euskaraldia iristear zenean, baina iruditzen zait aurten ez duela horrenbeste jendek izan egitasmoaren berri, pandemiarengatik. Beraz, nik uste dut norbanako gutxiagok hartuko dutela parte auzoan.
Zer esango zenieke auzoko bizilagunei Euskaraldian parte hartzera animatzeko?
Loiolako Erriberan euskaraz bizi daitekeela, jende askok ulertzen duelako euskara.