Kalapiek eskatu du Amarako txandakako aparkaleku berria ez eraikitzea
San Bartolomeko Muinoaren azpian txandakako 200 plaza eta egoiliarrentzat 70 izango dituen aparkaleku bat eraikitzea onartu nahi du udalak, El Diario Vasco egunkariak jaso zuenez. Hain justu, Aldapetako maldaren eta Easo kalearen artean, merkataritza-gunea egin nahi dute, eta horren ondoan jarri nahi dute aparkalekua. Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartearen ustez, txandakako aparkaleku berri batek ondorio kaltegarriak izango lituzke bai Amara eta Erdialdeko zirkulazioan bai auzo horietako eta inguruetako kutsaduran ere. Hala jaso du idatzi batean.
Kalapiek dioenez, Hiri Antolamendurako Plan Nagusian jasotzen dena eta aparkaleku hau eraikitzea ez datoz bat. Izan ere, plan horrek motordun ibilgailuek duten ingurumen-inpaktua murriztea proposatzen du eta horretarako neurriak hartzea, hiriko kutsadura iturri handienetako bat baita. Zehazki, plan horretan aipatzen da “erabilera orokorreko lurpeko txandakako aparkalekuak azaldutako politikarekin kontraesanean daude eta, hortaz, baztertu behar dira”. Era berean, Kalapiek jaso duenez, “udalak behin eta berriz azaldu du hiriaren erdialdean motordun ibilgailu pribatuen sarrera geldiarazi behar dela, epe ertainera, erdialdea emisio txikiko eremu bihurtzeko asmoa baitu”. Aldiz, elkartearen ustez, aparkalekua eraikitzeak motordun ibilgailu gehiago erakarriko du gune honetara.
Bestetik, inguruan dagoeneko txandakako plaza ugari eskaintzen dituzten aparkalekuak daudela diote. Gainera, San Bartolome harresian Urdaneta kaletik aurreikusi den aparkalekuko sarbideak zirkulazioan arazoak sor ditzakeela nabarmendu du elkarteak. Horri lotuta, azaldu dute Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planak adierazten duela “tamaina horretako aparkalekuak eraikitzeko sarbideak aztertu behar direla, aparkalekuan sartzeko eta handik irteteko trafikoak ahalik eta inpaktu txikiena izan dezan”.