Polita, azkarra eta aberatsa

Emakume protagonistadun garaiko filmen sasoi ona frogatzera dator Autumn de Wildek zuzendu duen Emma eleberriaren azken egokitzapena. Azken aldian loratuz joan diren The Favourite (2018), Little Women (2019) edota Portrait of Lady on Fire (2019) bezalakoei batu zaie Emma. Barry Lyndon (1975) maisulanaren mailan dagoen eszenografiarekin, eta Marie Antoniette (2006) oparotik edaten duen gehiegikeriarekin, Austenen beste egokitzapenek (Pride and Prejudice, 2005; Sense and sensibility, 1995) irekitako bidea jarraitzen du filmak.
Hau ez da, baina, Jane Austenen Emmak pantaila handian lekua aurkitzen duen lehen aldia. 1996an, Douglas McGrathek zuzendu zuen Gwyneth Paltrow Emmaren paperan aurkezten zuen izen bereko egokitzapena. Aipamen berezia merezi du ere aurten 25 urte bete dituen Clueless (1995) dibertigarriak, zeinak idazle britaniarraren klasikoa hartu zuen argumentuaren zein pertsonaien oinarri.
“Ah! Ene maitea, bikoterik ez antolatzeko eskatzen dizut, ezta gauzarik asmatzeko ere; izan ere, esaten duzun oro gertatu egiten da. Arren eskatzen dizut, ez itzazu egin lotura gehiagorik”.
Zenbat min aurreztuko zituen Emma Woodhouse gazteak hasiera-hasieratik aitaren aholkua jarraitu izan balu? Baina Emmak ez du bihozmina ezagutzen. Ez, behintzat, bere lagun eta etxe-irakaslea ezkondu eta Hartfieldeko etxaldea uzten duen arte. Orduantxe hasiko da trama marraztuko duten gertakizun korapilatsuen segida. Izan ere, aitak nahiko lukeenaren aurka, Emmak ez dio ingurukoen harremanekin Jainkoa izaten jolasteari uzten. Bereziki Harriet Smith bere lagun eta obsesio berriarekin, Emmaren manipulazioen gaizkide zein biktima bihurtzen dena.
Emmaren gutiziek Highbury antolatzen duten bezala, halakoxea da ere de Wilden zuzendaritza lan ahalguztiduna. Konposizio ederra, jantzien aberastasuna, koloreen aukeraketa, koreografiatuak diruditen mugimenduak… ez da ezer lotu gabe uzten. Soinu banda jostalari eta konplexurik gabekoak ere, Mr. Eltonen bekainen mugimenduarekin ere sinkronizatzen dena, fantasia hutsaren itxura sortzen laguntzen du. Zuzendariaren ukitu pertsonal nabarmenik gabe, narrazioak, pertsonaiek eta eszenografiak argi propioarekin egiten dute distira.
Ustez hutsala edo azalekoa den bildura ederra desestaltzen doan heinean, Austenen ohiko emakumezko heroien moral konplexua agertuz doa. Hartara, hasiera batean pentsatu daitekeenaren kontra, gehiegizko estetitzazioak ez du kontakizunaren jario naturala oztopatzen.
Liburua irakurri ez duten ikusleentzat hasiera zertxobait korapilatsua gerta daiteke, pertsonaia ugarien eta haien arteko lotura anitzen ondorioz. Hala eta guztiz ere, ez dago begirada iradokitzailez betetako dantza eszena luze batek azaldu ezin dezakeenik. Era berean, Austenen amodiozko hexagonoa irisgarria eta erakargarria egiten laguntzen du Eleanor Catton idazlearen gidoaik, originalari fidela baina ez horregatik gaurkotasunik gabekoa.
Amaitzeko, jantzien eta dekoratuen diseinu zeharo txalogarriari, antzezleen maila altua gehitu behar zaio. Beldurrezko filmen beterano dugun Anya Taylor-Joyk (egun arrakasta handia izaten ari duen The Queen´s Gambit telesaileko protagonista) argi-ilun moralez betetako Emmaren papera ezin hobe darama. Bere keinuen gozotasunean disolbatzen dira Emmaren jarrera arbuiagarrienak eta, aldi berean, edozein jelatzeko ahalmena duten begirada larderiatsuak botzeko gai ere bada. Apartekoa, era berean, Johnny Flynn aktore eta folk musikaria, Mr. Knightlyren berotasun eta zuzentasuna haragitzen. Gaztetxoei zuzendutako telesail eta filmetatik ateratako beste hainbat aurpegi ere egin daitezke ezagunak, hala nola, Callum Turner (Fantastic Beasts: The Crimes of Grindelwald, 2018) edota Tanya Reinolds eta Connor Swindells (Sex Education, 2019). Mia Gothek (Suspiria 2018; Nymphomaniac, 2013) eta Bill Nighyk (Love Actually, 2003) amaitzen dute antzezleen zerrenda; lehena Harriet Smith inuzentearena egiten eta, bigarrena zoragarri Emmaren aita hipokondriako maitekorra bezala.
Zinema aretoetan oharkabe pasa dela badirudi ere, zinez gomendatzen dut lan xarmant hau, protagonista bezalaxe polita, azkarra eta aberatsa dena.