Inkesta: Nola bizi duzu pandemia egoera?
«Niretzat, gogorrena da ahizpak ez ikustea»
Ane Apalategi, Antigua
Une honetan, hobeto. Hasieran, berriz, nahiko gaizki. Haurdun nengoen, haurra izan nuen, eta gainera bi urteko beste seme bat daukat. Nire senarra lanean zegoen. Hori dela eta, konfinamendua nire gurasoekin pasatzea erabaki genuen. Beraien laguntzarekin, askoz hobeto moldatu ginen. Orain, semeak ikastolara joaten badira, eta ni, adibidez, euskaltegira etortzen banaiz, eta kirola egiten badut, oso ondo. Hori dena kentzen badute, eta berriz ere etxera bueltatzen baldin bagara, uste dut psikologikoki gogorra izango dela, bai guretzat, baita gure semeentzat ere. Niretzat, gogorrena da nire ahizpak ez ikustea. Bata Italian bizi da eta bestea Errioxan, eta ez ditut ikusten. Lagunekin dudan harremanari dagokionez, martxotik hona gehiena telefonoz izan da. Soilik bi edo hiru ikusi ditut, eta kalean paseo bat emateko. Alde horretatik, gustatuko litzaidake harreman gehiago izatea, eta beraiekin gehiago egon ahal izatea. Baina barneratuta dugu horrela izan behar dela gure harremana, momentuz telefonoz. Saiatu naiz nire semeak aiton-amonekin egon daitezen. Orain hobeto, baina gogorra da.
«Ni igeriketa begiralea naiz, igerileku publikoetan, eta lana murriztu egin da»
Sandra Martinez, Amara Berri
Psikologikoki ez dit asko eragin. Egia esan, ondo daramat. Lanari dagokionez, gogorragoa izaten ari da. Ni igeriketa begiralea naiz, igerileku publikoetan, eta lana murriztu egin da. Edukiera txikitu dute, eta jendeak beldur handiagoa du. Ondorioz, haur gutxiagok eman dute izena, monitore kopurua ere jaitsi da, eta ordu gutxiago ditu bakoitzak. Era berean, eskola askok erabaki dute aurten ikastarorik ez egitea; urtero, eskola jardueretako bat izaten da igerilekuan ikastaroak egitea, eta aurten ez dira egingo. Lanaz harago, lagunak ikusteko zailtasun handiagoak ere baditut. Izan ere, kuadrillan asko gara, eta gehienez sei pertsona elkartu daitezke. Esaterako, oraindik tabernak zabalik zeudenean, zaila zen leku berean bi edo hiru mahai libre topatzea, eta mahai horiek elkarrengandik gertu izatea, elkarrekin afaltzeko eta nolabait hitz egin ahal izateko. Aisialdiari dagokionez, pandemia aurretik, gimnasiora joaten nintzen. Berrogeialdian, berriz, kirola etxean egiten hasi nintzen. Orain gustua hartu diot, eta gimnasiora joateko beldur hori dudanez, nahiago dut etxean egin.
«Oraingoz, birusa ez da gure ikastolan sartu, edo, behintzat, ez gure gelan»
Esther Eizagirre, Egia
Pandemia iritsi zenean, gogor samarra egin zitzaidan. Lanik gabe geratu nintzen, eta lana bilatzea erabaki nuen. Kaleko jendearekin aritu nintzen lanean hiru hilabetez. Oso gogorra izan zen, baina baita oso aberasgarria ere. Hori guztia bukatuta, nire lehengo lanera bueltatu nintzen. Orain eskola batean ari naiz. Zaila da, baina burbuila batean gaude. Momentuz, birusa ez da gure ikastolan sartu edo, behintzat, ez gure gelan. Baina lan egiteko moduan nabari da. Gure eskolan inklusioa lantzen dugu, eta pandemiaren ondorioz, ezin dugu hori bultzatu. Haurrentzat ere oso zaila da besteekin harremanik ez edukitzea. Oso hotza da, bai beraientzat, baita guretzat ere. Pertsonalki, zaila da. Niri, esaterako, asko gustatzen zait bidaiatzea eta jendearekin egotea. Alde horretatik, harreman horiek gutxitzea kostatu zait. Kanpoan ditudan lagunak ez ditut ikusten, eta lotsatu egiten naiz besteekin geratzen. Zirkulua mantentzen saiatzen naiz, baina egia da batzuetan hautsi egiten dudala. Gurasoen kasuan, distantziak gehiago mantentzen ditut, babesteko. Edozein kasutan, espero dezagun hau guztia laster bukatzea.
«Berrietan eta aldizkarietan, dena gaizki dagoela jasotzen da beti»
Leire Beldarrain, Amara Berri
Kezkatuta eta zalantza askorekin bizi dut, ea konfinatuko gaituzten edo ez. Ez dakigu zer gertatuko den, eta berrietan eta aldizkarietan, dena gaizki dagoela jasotzen da beti. Hala ere, psikologikoki ondo nago, eta positiboa naiz. Aterako gara. Lanari dagokionez, ondo nago. Bizitzari dagokionez, amarekin gutxi izaten naiz. Orokorrean, gaizki badago, etxean geratzen da, eta bestela erosketak egitera laguntzen diot. Bera zaintzen nabil, gehienbat. Lagunei dagokienez, ez gara elkartzen. Oro har, aisialdiari lotutako jarduera gutxiago egiten ditugu. Denok etxean gaude. Kirolari dagokionez, pandemia aurretik, gimnasio batera joaten nintzen; orain, berriz, ez. Une honetan, ez dakigunez konfinatuko ote gaituzten, ez dakit joan naitekeen ala ez.
«Denok dugu beste norbaitekin egoteko beharra»
Sam Koziner, Larratxo
Haur txiki bat dut, eta lagunekin egoteko beharra du. Eskolan izaten da, eta eskolatik kanpo, eskolako familia batekin elkartzen gara, familia horretako ama nire laguna delako. Denok dugu beste norbaitekin egoteko beharra. Egoera honetan ezin dugunez jendearekin elkartu, haurrek nabaritzen dute, baina baita nik ere. Oso pertsona irekia naiz, eta niretzat, batzuetan egoera hau pixka bat tristea da, lagunekin egon nahi dudalako. Ez ditut lagun asko, baina lauzpabost bai. Ondo legoke beraiekin eta haurrekin egotea, soilik kalean merienda egiteko bada ere. Hori ere ezin dugu egin. Lanari dagokionez, ez dut lanik egiten. Baina nire aitak taberna bat du Donostian. Jende gutxiago joaten ari zela ikusten zen, eta orain itxi behar izan dutenez, ikusiko da. Ondorioz, ekonomiari dagokionez, kili-kolo.
«Bizitza mugatu zaigu, baina oraingoz, ondo daramat»
Iñigo Aizpuru, Amara Berri
Ahal den moduan. Argi dago bizitza mugatu zaigula eta asteburuetan gero eta gauza gutxiago egin daitezkeela. Baina, bestetik, konturatu behar gara zein egoeratan gauden. Pentsatu behar dugu zer nahiago dugun: orain okerrago eta mugatuago bizi, etorkizunean guztiz sendatuta eta inongo mugarik gabe bizitzeko; edo orain arteko moduan jarraitu. Zenbaitek nahiago dute orain arteko moduan bizi, eta gero gerokoak. Edozein kasutan, bizitza mugatu zaigu, baina oraingoz, ondo daramat. Pertsonalki, ezin naiz kexatu. Oraindik ez dugu kontakturik izan COVID-19arekin. Egia da lanpostu bat desagertu zela koronabirusarengatik, eskolarekin harremana zuena. Oraingoz, beste lanpostu batzuetan nago, eta momentuz ez naiz kexatzen. Etxean ere ondo gaude.
«Ni erizaina naiz, eta ospitalean dena hankaz gora dago»
Desiree Fernandez, Loiolako Erribera
Oso-oso gaizki. Ni erizaina naiz, eta ospitalean dena hankaz gora dago. Oso gogorra izan da. Haurrekin ere kontuz ibili behar zara gauzak ez ukitzeko, maskara jartzeko egun osoan, eskuak garbitzeko, eta abar. Oso gogorra da dena. Maiatzan eta ekainean kasuak jaitsi ziren, baina momentu honetan dena oso gaizki dago. Kurba handiagoa da. Nire lana larrialdietan izan da joan den astera arte, baina aste honetan Zainketa Intentsiboetako Gunera (ZIU) aldatu naute. Hain zuzen ere, bederatzi urtez ZIUn izan nintzen larrialdietan lanean hasi aurretik. Gainera, arduratuta gaude, eta jende askok baja hartu du, estresagatik edo depresioagatik, besteak beste. Bai familientzat, bai guretzat, oso gogorra da pertsona bat bakarrik hil dela ikustea, familiak ezin duelako egon. Bestalde, nire gurasoekin, harremana distantziarekin izaten ari gara: telefonoz, edo, bestela, bideo-dei bitartez, elkar ikusteko. Eta lagunekin, harremanik ez. Nik uste dut dena ondo egingo bagenu, dena ondo aterako litzatekeela. Baina kontu handia izan behar dugu horretarako.