"Uste dut Euskaraldian gehiago sustatu beharko litzatekeela haurren euskararen erabilera"
Donostiako auzoetako euskara batzordeek hainbat aste daramatzate Euskaraldia prestatzeko buru-belarri lanean, eta jarduera ugari prestatu dituzte. Andrea Etxaurik Morlansko Euskaraldia nolakoa izango den azaldu digu.
Nolakoa izango da Euskaraldia Morlansen?
Gurea auzo berezia da horrelako egitasmo bat antolatzeko. Izan ere, auzo txikia da, eta ez daukagu ia zerbitzurik. Auzo elkarteko ariguneak identifikatu ditugu, baina ezin izan dugu auzoko entitateekin lanketarik egin, ez dagoelako ia entitaterik. Gainera, dauden entitate gutxietan ez ditugu ariguneak identifikatu. Beraz, duela bi urte egin genuen lanketa antzekoa egin dugu oraingoan ere.
Antolatu duzue jarduera berezirik?
Kultur egitarau zabala prestatu dugu udazkenerako, bereziki Euskararen Egunaren bueltan.
Zeintzuk dira Morlansen dituzuen erronkak?
Euskara batzordeko helburu nagusia auzoan euskararen erabilera sustatzea da, eta, niretzat, Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko tresna bat gehiago da. Beraz, oso erabilgarria da Euskaraldia.
Nola ikusten duzu euskararen egoera auzoan?
Ez da auzo euskaldun bat. Euskara dakien jende asko dago, baina erabiltzen duena askoz gutxiago. Bereziki arduratzen nau haurren erabilera mailak, izan ere, haur asko daude Morlansen, eta ez dute beraien artean euskaraz hitz egiten, ezta gurasoekin ere. Horregatik, uste dut Euskaraldian gehiago sustatu beharko litzatekeela haurren euskara erabilera.
Zer esango zenioke jendeari Euskaraldian parte hartzera animatzeko?
Dakiten euskara hori beldurrik gabe erabiltzeko esango nioke jendeari.