Unai Pelayok prest du bere 'Burrundaria'
Musika batentzako filma da Burrundaria, eta Unai Pelayo Pelax musikari donostiarraren proposamen berria. Egingo ez den film baterako soinu banda konposatu du azken hilabeteetan. Bederatzi abesti dituen lana osatu du, eta Anomalia aurrerapena helbide honetan entzun daiteke. Balio Dute kolektiboak argitaratuko du diskoa.
Pelayok gitarrak, sintetizadoreak eta lauda jo ditu lanean. Iñigo Ozaetak, Iker Vazquezek eta Andoni Olaetxeak, berriz, beraien ekarpenak egin dituzte. Aurtengo udan zehar grabatu du diskoa Egiako Tolaren. Olaetxea arduratu da grabaketaz eta nahasketetaz, eta Jonan Ordorikak egin du masterizazioa Azkarateko Mamia estudioan.
Lanaren azala Nagore Legarreta argazkilariarena da, eta jarraian ikus dezakezuen bideoa Malen Otxoak egin du.