"Zuloa lehenagotik zegoela argi dugu, eta lotsagarria da teknikariak konturatu ez izana"
Zubieta kaleko zuloak "lotura zuzena" du ekainean kale berean izandako lur jausiarekin, Igor San Jose ELAko eraikuntza alorreko arduradunaren arabera.
Bi metro inguruko diametroa du zuloak, eta “30 metro kubiko inguruko hutsunea” duela dio San Josek. “Zuloa lehenagotik zegoela argi dugu, eta lotsagarria da teknikariak konturatu ez izana. Hutsune hori ekainaren 5ean sortu zela uste dugu”, azpimarratu du. Udaleko teknikariekin hitz egin ostean hedabide honi egindako adierazpenak dira.
San Jose zuloaren eremuan izan da eta udaleko teknikariekin hitz egiteko aukera izan du. “Bibrazioek eragin dutela uste dute teknikariek. Ondoko plazako lanek eta errepide gainetik pasatzen diren ibilgailuek eragindako bibrazioek, alegia”, azaldu du. “Teknikari batek esan dit ekaineko lur jausia txikiegia iruditu zitzaiela ikusita tunelera erori zen hondar kopurua. Izan ere, hondar asko erori zen eta guk ohartarazi genuen hutsune gehiago egon behar dutela lur azpian”, gaineratu du San Josek. Hain zuzen ere, ELAko arduraduna seguru dago Zubieta kalean hutsune gehiago daudela lur azpian: “Donostiako tripak mugitzen ari dira, eta hutsune asko sortzen”.