Ekialdeko Barrutiko aurrekontuaren %75eko murrizketa salatu du EH Bilduk
Udal gobernuak asteartean jakinarazi zuen COVID-19aren ondorioz geldirik geratu ziren inbertsioa berrabiaraziko dituela. Horretarako 13,4 milioi euroko mailegua eskatu du udalak. Diru kopuru horretatik 325.000 euro erabiliko dituzte Ekialdeko Barrutiko (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta) proiektuak aurrera eramateko.
Hori dela eta, EH Bilduk salatu du udal gobernuak %75,5 murriztuko duela barrutirako aurreikusitako aurrekontua. Izan ere, barrutiak 1.330.000 euroko aurrekontua zuen adjudikatuta 2020ko inbertsiotarako. Tartean zeuden egin gabeko egitasmoengatik 2019tik zetozen diru sailak.
Udalak “aldebakartasunez” erabaki du 2020ko aurrekontuaren exekuzioa etetea. Hau da, barrutiko batzordearekin hitz egin gabe. “Araudi Organikoak zehazten duenez, Barrutiko Udal Batzordeari dagokio Udaleko organo zentralekin funtsezko gaiak adostea, hala nola bere aurrekontu-partiden kudeaketa (17.10 art.). Hala ere, Eneko Goiaren gobernuak printzipio horiek alde batera utzi zituen, aurrekontua alde bakarretik blokeatuz”, adierazi du EH Bilduk.
Eneko Goia alkatearen eta Martin Ibabe barrutiko presidentearen jarrera kritikatu ditu udal taldeak: “Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoekiko duen mespretxuaren enegarren kapituluaren aurrean gaude. Ibabe presidenteak udal gobernuaren erabakia publikoki berretsi duela ikusita, onartutako aurrekontuaren defentsa egin beharrean, aztertu beharko luke ardura horretan jarraitu ala ez. Hau da, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako herritarren interesak defendatzeko gai ez bada, hobe da hori egingo duen norbaiti uztea bere kargua”.
Proiektuen aukeraketa
Udal gobernuak Barrutiko Udal Batzordeari eskatu dio aukeratzeko 2019tik egiteke zeuden ekintzen artetik 325.000 eurorekin egin daitezkeenak, eta besteak baztertzeko. “Ezegokia iruditzen zaigu azken orduan horrelako erabaki bat hartu behar izatea, jakinik, garaian hautaketa ariketa hori egina zuela barrutiko egituraketa lan taldeak. Ez dugu uste onargarria denik udal gobernuak berak eragin duen arazo bat orain batzorde horri pasatzea”, nabarmendu dute. Desadostasuna adierazteko, Ekialdeko Barrutian EH Bilduk dituen bi ordezkariek, Garbiñe Alkizak eta Zigor Etxeburuak, ez zuten parte hartu asteleheneko egituraketa lan taldean.
“Altzako, Bidebietako eta Intxaurrondoko bizi-baldintzak hobetzeko inbertsio gehiago eskatzen ari da EH Bildu. Aldiz, langabezia, errenta eta abarren indize txarrenak dituzten auzoak izan arren, Eneko Goiak erantzun ohi digu ezin dituela auzo horiek desberdin tratatu. Baina oraingoan desberdin tratatu ditu, baina okerrago tratatzeko”, salatu dute.