Kontadores zentroa datorren astean irekiko dute berriz
Koronabirusaren ondorioz itxita egon ostean, Bidebietako Kontadores Gazte Zentroak ateak irekiko ditu berriz datorren astean, osasun neurri guztiekin. Duñike Agirrezabalaga Gazteria zinegotziak zentroak hemendik aurrera izango duen funtzionamendua azaldu du: “Aldez aurretik gelen erabilera erreserbatu behar da; iristeko eta irteteko ordutegia bete behar da; pertsonen arteko segurtasun distantziari eutsi behar zaio; maskarak erabili behar dira; eskuak garbitu behar dira eta zentroan jarri diren seinaleei kasu egin behar zaie”. Hala ere, nabarmendu du ezin izango direla egin lehen egiten ziren jarduera batzuk: “Osasun neurriak direla eta, ezin izango zaie berriro heldu zentroan egiten ziren saiakuntza edo jarduera kolektibo ez profesionalei”.
Kontadoresek asteartean, hilaren 24an, irekiko ditu ateak, eta 17:30etik 20:30era izango da zabalik asteartetik ostiralera, eta 17:00etatik 21:00etara larunbatetan. Antzerki entseguak, prestakuntza saioak eta bilerak egiteko aukera izango da zentroko aretoetan, eta bi areto gazteentzako irekiko dituzte, edukiera mugatuarekin.
Horretaz gain, Martx Up egitasmoa ere antolatu dute, 18 eta 30 urte arteko gazteen jarduerak sustatzeko helburuarekin. Proiektuak lantzeko lau prestakuntza saio ireki antolatu dituzte, modu independentean. Izena Kontadoresen webgunean eman daiteke, eta Donostian erroldatutako gazteek lehentasuna izango dute. Proiektuen tutoretza eta dinamizazioa MTA-Mondragon Team Academyrekin lankidetzan egingo dute. Saioak honakoak izango dira:
- Azaroak 24, asteartea, 17:00-20:00: Proiektutik ideiara. Saio honetan ideiak zehazten laguntzeko teknikak landuko dira.
- Abenduak 15, asteartea, 17:00-20:00: Design thinking. Metodologia hori prototipoak sortzean datza, erabiltzaileen esperientziatik abiatuta, betiere modu sortzailean.
- Urtarrilak 26, asteartea, 17:00-20:00: Canvas. Negozio ereduetan kontuan hartu beharreko alderdiak landuko dira eta proiektu bakoitzari aplikatuko zaizkio.
- Otsailak 23, asteartea, 17:00-20:00: Piching. Jendaurrean aurkezpen on bat egiteko jarraitu beharreko urratsak landuko dira.