Euskarriak
Zaintza arloko langileak kalera atera ziren asteartean, euren lan baldintza duinak aldarrikatzeaz gain, zaintzak publikoa izan behar duela aldarrikatzeko. Harrigarria da pentsatzea, gizartea hankaz gora jarri duen pandemia honetan ere, zaintzak oraindik ez direla behar bezala baloratzen. Eta baloratzea ez da hitz onak erabiltzea, ezta langileen lana txalotzea ere. Osasun krisi batean, benetan baloratzeak, zaintza politika publikoen erdigunean jartzea eskatzen du. Une honetan, arloko profesionalek eusten diete zaintzaei, argazkian metaforikoki ikus daitekeen bezala. Baina profesional horiek euren euskarri izango den sistema publiko bat behar dute atzetik, euren lan baldintza duinak bermatuko dituena.