Ikono bihurtu den zapata dendak ateak itxiko ditu urte amaieran
Estradak ezin izan dio pandemiari aurre egin. 1940an, jostun lantegia zabaldu zuen Esther Estradaren amak, eta Estherren beraren ahizpa zaharrenak bilakatu zuen zapata denda. Alpargatak eta abarkak saltzen dituen denda tradizional bakarrenetarikoa da hirian.
Eguerdiko hamabiak inguru dira. Emakume bat azaldu da Estrada zapata dendako sarreran, eta, kanpotik, Esther Estrada (Parte Zaharra, 1946) dendako jabeari esan dio: «Itxi behar duzuela entzun dut». «Bai, hala da», erantzun dio jabeak. «Beste ikono batek ateak itxiko ditu», dio penaz emakumeak.
Hain zuzen, Portu kaleko zapata denda ezaguna hori izan da bizilagunentzat, baina baita handik eta hemendik etorri diren bezero askorentzat ere: erreferentzia bat. Eta Esther Estradarentzat, bere bizitza izan da. «Amaren sabelean nengoenean hemen izaten nintzen, eta hemen hazi nintzen. Nire etxean baino gehiago bizi izan naiz Portu kaleko lokal honetan. Ama lanean zebilen bitartean, ni hemen izaten nintzen berarekin, baita ikasten hasi nintzenean eskolatik bueltan ere», kontatu du.
Carmen Ugarte, Esther Estradaren ama, jostuna zen, eta Manuel Estradak, Estherren aitak, oihalak, etxerako arropa eta abar saltzen zituzten denda batean egiten zuen lan. «Gerra dela eta, hiritik joan behar izan zuten biek, eta itzuli zirenean zabaldu zuten denda, 1940an. Ama jostuna zenez, erabaki zuten hemen jostun lantegia jartzea», esan du Estradak. Carmen Ugarte hamabost urte aritu zen lanean Portu kaleko lokal horretan. «Dagoeneko adin batekin, amak mutiko bat izan zuen, eta erretiroa hartzea erabaki zuen. Carmenek, nire ahizpa zaharrenak, hartu zuen negozioa», plazaratu du Estradak. Hain zuzen, Carmen Estrada izan zen jostun lantokia zapata denda bilakatu zuena. «Ahizpak ez zekien josten, eta horregatik aldatu zuen. Bera ezkondu zenean, nik hartu nuen», dio Estherrek. 1960ko hamarkadan izan zen. Geroztik, negozioa berak eraman du.
Oinetakoen jatorria
Alpargatez eta abarkez gain, etxeko zapatilak, Victoria markako oinetakoak, eta abar saltzen dituzte. Alpargatak eta abarkak, zehazki, eskuz josita daude. «Abarkak Debakoak, Gipuzkoakoak, dira. Alpargatak, berriz, Cervera del Rio Alhama izeneko Errioxako herritik ekartzen ditugu», kontatu du Estherrek.
Hain zuzen, dantza taldeak Estrada zapata dendako bezeroak izan ohi dira. Gutxi gora behera Estherrek negozioa hartu zenean hasi ziren etortzen. Garai hartan, Esther bera Eskola dantza taldeko kidea zen. «Nik uste dut ia talde guztiek niri erosi didatela. Gainera, filmetarako alpargatak ere egin ditugu. Esaterako, Dantza filmerako. Lan horretan ateratzen diren alpargata batzuk hemengoak dira», kontatu du Estherrek.
Hala ere, askotariko bezeroak izan ohi ditu Estradak: «urteetan etxeko zapatilak hemen erosi dituztenak; udan datozenak, soilik alpargatak erostera; AEBeetatik, Mexikotik edo Venezuelatik datozenak, hara duela urte asko joan zirenak, eta hona datozenean hemengo alpargatak eta Victoriak eraman nahi dituztenak; Iparraldekoak, hemen alpargatak dezente merkeagoak baitira». Hain zuzen, zapata denda berezia da. «Horrelako dendak ez daude toki askotan», nabarmendu du Estherrek.
Ixteko garaia
Esther Estradak duela urte batzuk hartu zuen erretiroa, baina denda zabalik uztea erabaki zuen. «Horrelako denda gutxi daudenez, pena handia ematen zidan guztiz ixtea. Zorte handia izan nuen: lehenik, balio handiko saltzaile bat etorri zen, eta zazpi urtez izan zen hemen. Duela urte eta erdi-edo, aurreko saltzaileak erretiroa hartu zuenean, Mentxu etorri zen, eta berarekin ere primeran moldatu naiz», azaldu du. Soldata ordaintzeko eta errentarako dirua ateratzeko moldatzen ziren.
Ordea, koronabirusak hankaz gora jarri du dena, eta ixteko erabakia hartu du. «Negua oso gogorra izan ohi da salmentei dagokienez, beraz, aurten pentsa nolakoa izan daitekeen, batez ere ikusita uda katastrofikoa izan dela», azaldu du. Udako lau hilabeteetan saldu dutena iaz hilabete bakar batean saldu zuten, gutxi gora behera.
Era berean, denda itxita izan dute bi hilabete eta erdiz hilabetez, eta orain, tabernak itxita daudenez, are jende gutxiago joaten da Parte Zaharrera. «Hemen asko nabari da tabernak itxita egotea. Izugarri. Jendea ez dator Parte Zaharrera». Horrekin batera, beste arazo bat dute: «hemen, jeneroa askoz lehenago eskatu behar da. Une honetan, datorren udako jeneroa eskatu beharko nuke. Negu honekin, zer eskatuko duzu datorren udarako», dio. Horregatik guztiagatik, ez dute aurrera egingo. «Kontuak aterata, erabaki genuen ezin genuela jarraitu», dio minez. Urte amaieran, Estrada zapata dendako pertsiana betiko itxiko dute; data zehazteko dago. «Pena ematen dit ixteak, betidanik izan dudan zerbait delako. Baina ez dago besterik», plazaratu du.