Metroaren lanek Zubieta kalean eragindako bigarren zuloak kezka areagotu du
ETSk dio egoera «kontrolpean» dagoela, baina ELAk uste du lur azpian hutsune gehiago egon daitezkeela. Eneko Goiak alkateak «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu dio ETSri, eta lanak gelditzeko exijitu dute Satorralaiak, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak.
Zulo bat egin zen asteartean, Erdialdeko Zubieta kalean. Udaleko iturrien arabera, 7:45ean egin zen zuloa gutxi gorabehera, Londres hoteletik gertu, eta kalea moztu zuten. Gertatutakoa aztertu ondoren, Euskal Trenbide Sareko (ETS) arduradunek eguerdian baieztatu zuten zuloa metroaren igarobidearen lanek eragin zutela, eta zehazki, ekainean kale berean izandako lur jausiarekin lotura zuela. Aurretik, Eneko Goia alkateak adierazi zuen «itxura guztien arabera» metroaren lanek eragin zutela zuloa: «ETSri zuhurtziaz jokatzeko eskatu diogu, eta obrarekin aurrera jarraitzeko berme guztiekin».
Bi metro inguruko diametroa zuen zuloak, eta «30 metro kubiko inguruko hutsunea» zuela adierazi zion hedabide honi Igor San Josek, ELAko eraikuntza alorreko arduradunak. «Zuloa lehenagotik zegoela argi dugu, eta harrigarria zein lotsagarria da teknikariak konturatu ez izana», azpimarratu zuen. San Josek teknikariekin hitz egin zuen Zubieta kalean: «Teknikari batek esan dit ekaineko lur jausia txikiegia iruditu zitzaiela ikusita tunelera erori zen hondar kopurua. Izan ere, hondar asko erori zen, eta guk ohartarazi genuen hutsune gehiago egon behar dutela lur azpian». Metroko lanetan aritutako langileek ere San Joseri adierazi zioten «zulo gehiago» sortuko direla Zubieta kalean eta inguruetan.
ETSko zuzendari Ernesto Martinez de Cabredok gertaturikoaren azalpenak eman zituen, zuloa agertu eta ordu batzuk beranduago: «Gertakari hau ekainaren 5ean Zubieta 8. eraikinaren beheko aldean ireki zen zulotik metro gutxira gertatu da, eta horren ondorio dela uste dugu. Zain asko duen arroka da, ur asko sortzen du, eta ur horrek, batzuetan, hondarra bera ere mugitzen du». Horrez gain, Zubietako kaleko eraikinen kontrola egiten ari direla gaineratu zuen: «Mugimendu guztiak kontrolatzen ditugu, zimenduei eragin diezaiekeen guztia, eta ez du inolako eraginik izan».
Zuloa asteartean estali zuten kare-esne morteroaren bidez, eta Zubieta kalea asteazkenean ireki zuten. Iñaki Arriola Garraio sailburuak egun horretan gertaturikoaren inguruko azalpenak egin zituen Txomiñenean zaharberritutako etxebizitzen inaugurazioan. Metroaren obren segurtasuna lurren tratamenduaren hiru faseak bukatzean bermatuko dela adierazi zuen: «Lur azpiko arazoak konponduko dira, eta horrek guztiei segurtasun bermea eskainiko die»
Arriolak berak urrian izendatu zuen Martinez de Cabredo ETSko zuzendari. Aldiz, Donostiako Metroaren lanen lehen zatia 2012an Amenabarri adjudikatu ziotenean, eraikuntza enpresako gerentea zen. ETSko zuzendari izendatu aurretik URA Euskal Agentziako presidentea izan da hainbat urtez, eta Zaldibarko zabortegiaren luiziaren afera kudeatzea tokatu zaio.
Lanak gelditzeko eskatu dute
Satorralaia mugimenduak metroaren igarobidearen lanak gelditzeko eskatu du, Zubieta kaleko zuloarengatik. «Zulo honek erabat zalantzan jartzen du ETSek abian jarritako neurrien eraginkortasuna, Kontxako tunelaren zulaketa lanekin kalteturiko eremuaren ezegonkortasun arazoak konpontzeko». Horrekin batera, Satorralaiak pasa den larunbatean egindako manifestazioa nabarmendu du. «Milaka herritarrek proiektu behargabe, xahutzaile eta kaltegarri hau gelditzearen alde egindako aldarrikapena entzun dezatela eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari».
EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek ere metroaren lanak eteteko eskatu dute. Reyes Carrere EH Bilduko zinegotzia Zubieta kalean izan zen asteartean, eta kezka agertu zuen: «Arduragabekeriaren ondorioa da hau. Dena kontrolpean eta arriskurik ez dagoela esan dute, baina ez da egia. Argitasuna eta gardentasuna eskatzen du EH Bilduk; ardurak argitu behar dira, eta obra hau gelditu egin behar da berehala».
Elkarrekin Donostiaren bozeramaile Aitzole Aranetak, berriz, «auditoretza serioa eta premiazkoa» egiteko eskatu zuen, metroko obren «lardaskeria» argitzeko. «Lanak geldirik daudenean egin da zuloa, eta horrek agerian uzten du lurzoruko kaltea lehenagotik egina dagoela. Euskal Trenbide Sareak ez bazekien arriskuaren garrantziaz larria da, baina jakinda ez badu ezer esan, kasu honetan are larriagoa izango litzateke», salatu zuen.
PPren udal taldeak, berriz, Eneko Goia alkateari «premiazko» agerraldi bat egiteko eskatu dio, Zubieta kalean gertaturikoaren azalpenak emateko. Gainera, Borja Corominas PPko bozeramaileak «gardentasuna» eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta metroaren proiektuaren lanean ari diren enpresen informazioa emateko. «Kalteturiko bizilagunak ezin dira larritasun egoera honetan bizi».
Bigarren zuloa
Ez da zulo bat sortzen den lehen aldia, ekainaren 5ean lur jausi bat gertatu zelako kale berean, metroaren igarobidearen Mirakontxa-Easo zatiaren lanen ondorioz. Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan zulo bat egin zen, hogei metro kubiko ingurukoa. Zehazki, eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu zen, eta zimenduetan zulo bat eragin zuen horrek, lanetan ura sartu izanaren eraginez.
Ordutik, geldirik daude Kontxako tunelaren zulaketa lanak, eta irailaren 25ean Mirakontxa-Easo zatiko lanen kontratua bertan behera utzi zuen ETSk. Iñaki Arriola Garraio sailburuak adierazi zuen «segurtasunez jarraitu ahal izateko behar diren azterketa geologikoak egin art» lanek ez dutela aurrera egingo.
Euskal Trenbide Sareak adjudikatu zuen kontratu zatia 53,2 milioi eurokoa zen –aurrekontu orokorra 200 milioi euro ingurukoa da–, eta gainkostua «%50 eta %70 artekoa» izango dela baieztatu zuen Jaurlaritzak. Aldiz, ELA sindikatuak gainkostua «handiagoa» izango dela uste du, eta EH Bilduk ikerketa bat egin ondotik azpimarratu zuen Mirakontxa-Easo zatiak «%100eko gainkostua» izango duela.
BIZILAGUN BATEN TESTIGANTZA
Easo kaleko 5. atariko bizilagun batekin hitz egin zuen asteartean, Irutxuloko Hitzak –ez zuen izenik eman nahi izan–. 7:30ak aldera oihuak entzun zituen, eta udal teknikariak ikusi zituen zuloa agertu zen lekuan: «Nik uste dut Londres hotelekoek eman dutela abisua. Aurrekoan ere, beste zuloa agertu zenean, bizilagun baten abisuarengatik jakin zuten arazo bat zegoela. Zuloa aztertzen hasi dira, eta hormigoia sartzen hasi direla ikusi dut. Bizilagunoi ez digute informaziorik eman, ez digute ezer azaldu. Dena estali nahi dute, eta dena hesitzen dute, ez ikusteko, baina ez du zentzurik, herritarrok begiak ditugu, eta kalean ikusten da gertatzen ari dena. Logikoena izango zen gertatzen ari dena esatea, eta komunikatzea». Gainera, salatu zuen metroa egiteko lanak ez direla gelditu: «Esaten dute gelditu direla, baina nik makinak martxan ikusten ditut egunero. Ura ari dira ateratzen, etengabe, eta Kontxako arkupeetan makina bat zulatzen ari da». Duela urte eta erdi lanak hasi zituztenetik, bizilagunek bibrazioak eta zarata ugari «sufritzen» ari direla salatu zuen.