Astiñeneko zubi berriaren lanak datorren urteko irailera arte luzatuko dira

Hamazazpi hilabeteko atzerapena eta %10eko gainkostua pilatu ditu Astiñeneko zubi berria eraikitzeko proiektuak. Donostiako Udalak bihar onartuko dut hasierako kontratuaren beste aldaketa bat. Horiek horrela, lanak bukatzeko epea datorren urteko irailera arte luzatuko dute. Enpresa adjudikaziodunari zigorrak ezarriko dizkio udal gobernuak aipaturiko aldaketengatik.
Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriaren lanak 2019. urte hasieran hasi zituzten, eta pasa den udarako bukatuta egon behar zuten. Hamabost hilabeteko epea zehaztu zuen kontratuak, eta 3 milioi euroko aurrekontua.
Ordea, martxoan atzerapen bat onartu zuen udalak, eta 2021eko otsailean ezarri zuen lanen bukaera epea. Urumea ibaian kokatzeko zutabeek eragin zuten atzerapen hori. Izan ere, azkenik 1,5 metroko diametroa izango dute, eta ez 2 metrokoa. Tamainaren aldaketak proiektua atzeratu zuela adierazi zuen udalak. Horrekin batera, lanak geldirik daude Burgosen eraikitzen ari diren zubiaren taularengatik. Irailean, berriz, proiektuaren beste aldaketa bat onartu zuen udalak, eta 2021eko irailaren 14ra bitarte luzatu zuten lanak bukatzeko epea. Gainera, 300.000 euroko garestitzea ere onartu zuten.