ETSko zuzendariak "erabat lasai" dagoela adierazi du metroaren inguruko udal batzordean
Kontxako hondartzan zundaketak egiten hasi dira gaur, eta Zubietako kaleko bigarren zuloa "kontrolpean" dagoela adierazi du metroko lanen arduradunak.
Donostiako metroaren igarobidearen lanen jarraipenerako batzorde ez iraunkorra egin dute gaur, udaletxean. Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendariak, Antonio Lopez obraren zuzendariak eta Eneko Goia alkateak parte hartu dute, gainerako udal taldeen ordezkariekin batera. EH Bilduko zinegotzi Gabiñe Alkizak lanen alderdi tekniko eta ekonomikoei buruzko azalpenak eskatu dizkie, eta herritarren segurtasuna bermatuta dagoen galdetu du.
“Lanak izaten ari diren etengabeko ezbeharren eta azken zuloaren ostean herritarrak seguru ote dauden galdetuta, Martinez de Cabredok erantzun du erabat lasai dagoela eta berak berme guztiak ematen dituela obrarekin jarraitzeko, baina ezin duela ziurtatu zulo gehiago sortuko ez direnik”, azpimarratu du EH Bilduk ohar baten bidez. ETSko zuzendariaren jarrera ikusita, udal taldeak kezka agertu du eta galdera bat zuzendu dio: “Zenbat zulo gehiago agertu behar dira zu kezkatzen hasteko?”.
Alkizak batzordean adierazi metroaren lanen inguruko “gardentasun falta” dagoela. EH Bilduk azpimarratu du lau hilabete pasa direla metroaren lanen jarraipenerako batzorde ez iraunkorraren aurreko bileratik, “nahiz eta bi hilean behin bildu behar den”. Era berean, uztailaren 20ko bileran agindutako txosten geoteknikoak ez dituztela jaso esan dute. “Gaurko bileran ere ez dira zenbait galdera tekniko eta ekonomikori erantzun”.
Gainkostuaren datuak
Martinez de Cabredok ez du argitu Easo-Mirakontxa zatiak zenbateko gainkostua izango duen. Ez, orain arte pilatutakoa, eta ezta ere kontratu berriarekin zenbatean igoko den gastua. Abenduaren bukaerarako kontratu berria lehiaketara aterako dutela adierazi du. Bestalde, ETSko zuzendariak azaldu du lurraren azterketa geotekniko egoki bat izateko metro bakoitzeko zundaketa bat egin beharko luketela, baina hori aurrekontuei dagokionez “onartezina” omen dela. Hortaz, tunela eraiki ahala sortzen diren ustekabeei erantzutea izango da ETSren lan metodoa.
Aukeratutako metodoaren “aurrekontu desfaseen” aurrean, Alkizak ETSren ordezkari politikoari galdetu dio ea ez ote zen hobe izango azterketa geotekniko xehatu bat egin izana obrari ekin aurretik, eta orain ez ibiltzea askoz ere milioi euro gehiago kostako diren adabakiekin. “Martinez de Cabredok garrantzia kendu die agertutako zuloei eta obra % 80an eginda dagoela eta, beraz, amaitu egingo dutela ziurtatu du, nahiz eta aparteko gertakariak egon”, azaldu du EH Bilduk.
Obraren alderdi teknikoenei dagokienez, Antonio Lopezek baieztatu du lehen zuloa agertu ondoren proiektatu ziren esku-hartzeak hiru izango direla: “eta ez bat, abuztuaren 3ko ETSren oharrean jakinarazi zen bezala, eta ez dutela hiru hilabete iraungo, Aste Santura arte baizik”, adierazi du udal taldeak. Hain zuzen ere, ETS zundaketa berriak egiten hasi da gaur Kontxako hondartzan, eta Zubietako kaleko bigarren zuloa “kontrolpean” dagoela adierazi du Lopezek. Horrez gain, baieztatu du Morlansetik datorren fronteko lanak ere ekainean gelditu zirela. “Irailaren 25ean ETSk prentsa ohar batean lehen lizitazioaren kontratua etetea aztertzen ari zela iragarri arte, bai Jaurlaritzako ordezkariek bai Goiak berak irmo ziurtatu zuten obrak ondo zihoazela fronte horretan”.
EH Bilduk gaineratu du alkateak ez duela barne prozedurarik jarriko metroarekin gertatzen ari dena ikertzeko. “Adierazi du ez dituela bizilagunak eta merkatariak konpentsatuko iragarritako atzerapenengatik”. Horiek horrela, udal gobernuaren jarrera kritikatu du udal taldeak: “Metroaren obra honekin kosta ahala kosta aurrera jarraitu nahi dute, donostiarren eta langileen segurtasuna kontuan hartu gabe, gainkostuak biderkatu ala ez, pandemia garaian egon ala ez. Ez da zentzurik gabeko obrekin eta diru publikoa xahutzeko garaia; obra gelditu egin behar da”.
Informazio falta
Elkarrekin Donostia udal taldeak salatu du Eneko Goia alkateak eta ETSko arduradunek ez dutela informaziorik eman batzorde ez iraunkorrean. “Argi geratu da ezin dutela bermatu etorkizunean zulo berriak sortuko ez direnik”, adierazi du Elkarrekin Donostiako bozeramaile Aitzole Aranetak. Era berean, Aranetak kritikatu du dauden “ziurgabetasun ugariei” erantzunik ez eman izana. “Herritarrak ez dira lasai geratu gaurko agerraldiaren ostean”.