Igeldoko arrisku egoeraz ohartarazi dute
Kezkatuta dago Igeldoko Herri Kontseilua. Pandemiaren eraginez, herritar asko pasatzen dira Igeldotik, bereziki asteburuetan. “Ez gaude honen aurka, baina kontuan hartu behar dugu pilatzen ari den jende-oldeak eta honek eragiten duen guztiak (oinezkoen pilaketak, trafiko handia…) Igeldok hain berezkoa duen herri bizitzan (lasaitasuna, nekazaritza ingurua, herri txikia…) eragin handia duela”, dio herri kontseiluko kide Aratz Urruzmendik, hedabide honi bidalitako iritzian.
Horrekin batera, Igeldotik kanpinera doan zatian sortzen den “arrisku egoera” salatu du kontseiluak. “Urteak dira eremu horretan espaloia jartzeko eskatzen ari garela. Udalak behin eta berriz eskariari entzungor egin izan dio. Esan bezala, asteburuetan jende pilaketa handiak sortzen ari dira, eta eremu honetan espaloirik ez dagoenez, arrisku uneak biderkatzen ari dira”. Horren eredu gisara, bideo bat prestatu dute.