Realak irabazi du, eta lehenengo postuan jarraitzen du
Ez da asteburu bereziki ona izan talde donostiarrentzat, Realeko mutilek eta Txuri Urdinek baino ez baitute irabazi; Bera Berak, Gipuzkoa Basketek, Realeko neskek eta belar hockey taldekoek galdu egin dute.
Realeko jokalariek sutsuki ospatu zuten Isaken gola Cadizen. (Argazkia: La Liga) Jardunaldia hasi aurretik, Imanol Alguacilek, Realeko entrenatzaileak, zioen garrantzitsua zela Cadizen irabaztea, bi asteko atsedenaldiaren ondoren. Esan eta egin. Txuri-urdinak andaluziarrak baino hobeak izan ziren zelaian hasieratik, baina kostatu egin zitzaien markagailuan aurreratzea. Azkenean, Alexander Isak aurrelariak buruz gainditu zuen Cadizen atea, Adnan Januzajen erdiraketa bikain bat erramatatuta. Realak Ligako lehenengo postuan jarraitzen du, gauza handiak egiteko aukerarekin amesten; Atletiko Madril da bigarren sailkaua, txuri-urdinak baino hiru puntu gutxiagorekin.
Futbolarekin jarraituz, Realeko neskek Bartzelona handia bisitatu zuten larunbatean, eta markagailuak kontrakoa dioen arren (5-1), katalanak ez ziren txuri-urdinak baino askoz hobeak izan. Hain zuzen, Nahikari Garciak Bartzelonaren atearen garaiezintasuna hautsi zuen. Hortik aurrera, txuri-urdinek aurpegia eman zuten, baina Bartzelonak berriz aurreratu zen, eta beste hiru gol sartu zituen azken minutuetan.
Eskubaloiari dagokionez, Bera Berak Zvezda talde errusiarraren aurka jokatu zuen atzo, Europako ligako taldekako fasean, eta 29-24 galdu zuen. Porrot horrekin, tamalez, donostiarrek agur esan diote Europako txapelketari.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basket ez zen gai izan etxean Joventut garaitzeko, eta sekulako jipoia jasan zuen: 68-99 galdu zuten donostiarrek. Ez zen batere partida erraza izan Gipuzkoa Basketentzat, eta horren adierazgarri da balorazioak: 47-135.
Hockeyari dagokionez, albiste txar bat eta albiste on bat izan ziren. Txarra, Realeko belar hockey taldeak galdu egin zuela; aurpegia eman zuten Club de Camporen aurka, baina, azkenean, ez ziren irabazteko gai izan, eta 2-4 galdu zuten. Albiste ona, aldiz, izotz hockeyan heldu zen, Txuri Urdineko neskek 1-5 irabazi baitzioten Milenio Panthers taldeari.
ESKUBALOIA
Europako Liga, talde faserako sailkapena, bueltako partida
Zvezda 29 – Bera Bera 24
SASKIBALOIA
Gizonezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
Gipuzkoa Basket 68 – Joventut 99
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
Bartzelona 5 – Reala 1
Gizonezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
Cadiz 0 – Reala 1
BELAR HOCKEYA
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
Reala 2 – Club de Campo 4
IZOTZ HOCKEYA
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
Milenio Panthers 1 – Txuri Urdin 5

