Urtarrilera arte itxita jarraituko dute haurtxoko eta gaztelekuek
Donostiako Udaleko Gazteria sailak aurreikusten duenez, hiriko haurtxoko eta gaztelekuak itxita egongo dira urtarrilera arte. Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman du horren berri. Udalak irailean zabaldu behar zituen, baina gune horiek kudeatzeko kontratu berria adjudikatu arte itxita mantentzea erabaki zuen. Gabonetan, beraz, itxita egongo dira auzoetako haurtxokoak eta gaztelekuak.
Egoera hori dela eta, irailetik protestan daramate Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko hezitzaileek, ELA eta LAB sindikatuen babesarekin. Udalari zerbitzua berreskuratzeko eskatzen diote. Izan ere, hezitzaile horietako askok langabezian jarraitzen dute, eta udalak argitaratutako agiriak aurreikusten du aurrekontua %40 murriztea, lan ordu kopurua murriztea, hainbat langileren lanpostua ez bermatzea eta Parte Zaharreko haurtxokoa ixtea.
Lehiaketa berria
Ekainean bukatu zen 5 eta 17 urte bitarteko haur zein gazteentzako zerbitzuen kudeaketarako kontratua. Udalak lehiaketa berri bat abiarazi zuen zerbitzua ikasturte berriarekin batera berriz abiatzeko. Ordea, kontratu berriaren adjudikazioa atzeratzen ari dela adierazi zuen Duñike Agirrezabalaga Gazteria zinegotziak. Pandemiaren eraginez, hainbat zehaztasun eta baldintza aldatu behar izan zituzten. Hori argudiatu zuen Agirrezabalagak irailean zerbitzuak ez abiarazteko. Irailean adierazi zuen urrirako haurtxoko eta gaztelekuak irekiko zituztela, baina ez da horrela izan.
Gipuzkoako Gizarte Integratzaileen eta Animatzaile Soziokulturaleen elkarteak helegitea jarri zion lehiaketari, langileek zein formakuntza edo titulazio izan behar duten ez duelako zehazten. Horrek atzerapena areagotu duela adierazi du Agirrezabalagak. Dena dela, hilabete honetan helegitearen afera ixtea espero du udalak kontratu berriaren tramitazioarekin jarraitzeko. Horrela ere, urtarrilera arte gutxienez zerbitzurik ez dela egongo baieztatu du Gazteria zinegotziak.