Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzak alokairuan berreskuratzea eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostia udal taldeak etxegabetzeen aurkako protokoloari buruzko mozio bat erregistratu du osteguneko udalbatzarrerako. Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote Bentaberri ABEEren formula bereko etxebizitza sustapenik berriro ez baimentzeko, eta etxebizitzaren zein lurzoru publikoaren pribatizazioa saihesteko.
Udal taldearen ustez, Jaurlaritzak Bentaberri ABEEren etxebizitza tasatuen zuzeneko kudeaketa berreskuratu behar du. Baita ere antzeko egoeran egon daitezkeen gainerako etxebizitzak, etxebizitzaren helburu soziala bermatze aldera.
Mozioaren beste helburuetako bat da Donostiako Udalak 2019ko apirilean aho batez onarturiko mozioa berrestea. Bentaberriko alokairuko babes ofizialeko etxebizitzetan “gerta litezkeen etxegabetzeetarako prebentziozko jarduketa-protokolo espezifiko bat garatzeko interesa” azpimarratu zen, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen zitzaion “ahalik eta lasterren, enpresa emakidadunarekin adosteko eta inplementatzeko etxegabetzeen kasuan jarduteko protokolo bat”.”
“Aldi baterako enpresa elkarte honetan gerta daitezkeen arazoak kudeatzea ahalbidetuko duen jarduera protokolo bat izateko premia dago. Izan ere, joan den urrian, sustapen honetako bizilagun batek alokairua lau hilabetez ez ordaintzeagatik etxegabetze demanda bat jaso zuenean. Eskaera hori ez zen ‘in extremis’ egin, herritarren presioagatik, eta prozesua eten egin zen”, azaldu du Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik.