Emakume bat labanaz zauritu du gizon batek Donostian
Martxoaren 8ko Donostiako greba feminista. (Argazkia: Iñaki Agirre) Eraso matxista bat izan da Donostian: gizon batek labanaz eraso du emakume bat eta zauriak eragin dizkio lepoaren inguruan; erietxean dago, larri. Erasoa goizeko bostak aldera izan da, Groseko Iztueta kaleko pentsio batean. Erasotzailea izatea egotzita, emakumearen bikotekidea atxilotu dute, 52 urteko gizon bat; biktimak adin bera du. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak batera jardun dute atxiloketan.
Berria egunkariaren arabera, emakumeak gutxienez bi labankada ditu lepoaren inguruan, eta udalak azaldu du “dirudienez” labankadek ez dituztela gorputzeko zona garrantzitsuak kaltetu. Era berean, poliziek ez dute atzeman emakumeak gizon horren partetik aurretik indarkeria matxista pairatu duela erakusten duen espedienterik.
