Etxebizitza eraikin bat hotel bihurtzeko baldintzak gogortu ditu udalak

Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Hirigintza Arau Orokorren aldaketa onartu du udalak. Hainbat aldaketa egin dira arau horietan, eta besteak beste, hiru arlotan dute eragina. Horietako bat da etxebizitza eraikin bat hotel bihurtzeko prozedurari eragiten diona.
Aurrerantzean, Hirigintzak plan berezi bat egitea eskatuko du bizitegi eraikin bat hotel bilakatzeko. Gainera, beste baldintza garrantzitsu bat bete beharko dute: hotela jarri nahi den eremu horretako erabilera tertziarioa eraikitako azaleraren %40 baino handiagoa ez izatea, eta beti, eremu horretako erabilera tertziarioaren barruan hotelentzako erabilera %25 baino handiagoa ez izatea. Neurri honen helburua da, etxebizitza eraikinak hotelekin ordezkatzea geldiaraztea.
Tamaina eta zatiketa
Etxebizitzetako batez besteko tamaina ere aldatu da, eta horrek eragina izango du etxebizitzak zatitzeko. Hirigune Zaharreko Bizitegian zein Zabalguneko bizitegietan kokatuta dauden etxebizitzen batez besteko tamaina eraikitako 75 eta 85 metro karratukoa izatetik 65 metro karratukoa izatera pasako dira; eraikuntza irekiko erabilera duten etxebizitzen batez besteko tamaina eraikitako 85 metro karratukoa izatetik 80 metro karratukoa izatera pasako da; eta garapen txikiko eraikuntzako bizitegi erabilera duten etxebizitzen batezbesteko tamainak 120 metro karratukoa izaten jarraituko du.
Aldaketa hauek atzemandako beharrei erantzuten die eta eragiten diete, besteak beste, eraikitako etxebizitzen bereizketa egiterako orduan. Hau da, gutxieneko azalera baldintzak ezartzen dituzte etxebizitza bat bitan zatitu nahi bada, eta beti, bizigarritasunaren gaineko gainerako baldintzak betez. Horiek horrela, Hirigune Zaharreko eta Zabalguneko bizitegietan dauden 110 metro karratu baino gehiago duten etxebizitzak bitan bereizi ahal izango dira, betiere, baldin eta horietako bat batezbestekoak ezarritako tamainakoa bada (65 metro karratu eraikiak), eta bigarrenak arauak ezarritako gutxieneko tamaina (45 metri karratu eraikiak) eta gainerako baldintzak betetzen baditu.
Eraikuntza irekiko erabilera duten etxebizitzen kasuan, 125 metro karratu baino gehiago dutenak bereizi ahal izango da, betiere, baldin eta bereizketa horretatik ateratzen den etxebizitzetako batek eraikitako 80 metro karratu baditu, eta besteak gutxienez 45. Eta aldiz, garapen txikiko eraikuntzako bizitegi erabilera duten etxebizitzak bereizi ahal izango dira, baldin eta gutxienez 190 metro karratuko etxebizitza bada, eta bereizketa horretatik ateratzen diren bi etxebizitzetako batek eraikitako 120 metro karratu baditu, eta besteak eraikitako 70.
Balkoiak egiteko baimena
Hirigintza Arau Orokorren aldaketak etxebizitzetako balkoi edo terrazei eragiten die, bai eraikuntza berrikoei, bai dagoeneko eraikita daudenei. Arau berriek baimentzen dute eraikitako azaleraren %10 balkoi edo terraza izatera bideratzea, etxebizitzaren eraikigarritasunaren barruan sartu gabe. Neurri honen helburua honakoa da: alde batetik, eraikuntza berriko etxebizitza guztiek balkoia edo terraza izatea; eta bestetik, balkoirik ez duten eraikitako etxebizitzetan balkoiak egin ahal izatea, bertan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko.
Horretarako, eraikitako etxebizitzei buruz, hainbat baldintza bete beharko dira, adibidez, bizilagunen komunitateak adostea, eraikuntza estruktura aldetik egin ahal izatea, proiektua eta exekuzioa bateratuak izatea, udalak baimentzea eta eraikinen arteko gutxieneko distantziak errespetatzea. Neurri honek ez luke balioko fatxada Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian katalogatuta dauden eraikinetan.