"Metroaren kontra daudenek eztabaida politikorako erabiltzen dute gertatu dena"
Metroko lanen jarraipenerako atzoko batzordean udal talde batzuek izandako jarrera kritikatu du Eneko Goia alkateak, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsa agerraldian. “ETSk eta obra zuzendaritzak gardentasun osoz azaldu zuten gertatu dena, eta egiten ari direna. Egin zizkieten galdera guztiak erantzun zituzten”, azpimarratu du Goiak.
Batzordeak izandako alde tekniko eta politikoa bereizi ditu. “Ondo iruditzen zait azalpen teknikoak ematea, baina metroaren kontra daudenek eztabaida politikorako erabiltzen dute gertatu dena”, adierazi du. Horren ildotik, metroaren lanek Zubieta kalean eragindako zuloak Oiartzungo parrokian agerturiko arrakalarekin alderatu ditu: “Abuztutik Oiartzungo parrokian arazo bat dago udalak [EH Bilduk du alkatetza] egindako indusketa batengatik. Topoa ez denez, ez da inor horretaz jabetu. Horrek erakusten du obra batzuen inzidentzien inguruko azalpenak etengabe eman behar ditugula, eta beste batzuek, ez”.
Udal gobernuak lanean jarraituko duela esan du Goiak, metroaren obra “segurtasun eta berme guztiekin” aurrera eramateko. “Eta, noski, azalpenak ematen jarraituko dugu gure betebeharra delako”.