Haurtxoko eta gaztelekuetako langileek salatu dute 84 egun daramatzatela lanik egin gabe

Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileen elkarretaratzea, Alderdi Ederren. (Argazkia: Irati Salsamendi Lozano) Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileen elkarretaratze bat, Alderdi Ederren. (Argazkia: Irati Salsamendi Lozano)

Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileek haserre jarraitzen dute, hainbat hilabete daramatzatelako ziurgabetasunean murgilduta. Hain justu, agerraldia egin zuten atzo udaletxearen aurrean, LAB eta ELA sindikatuen babesarekin, eta salatu zuten 84 egun daramatzatela lanik egin gabe: “84 egun bete dira haurtxokoek, gaztelekuek eta Etxarrienek ateak ireki behar zituztenetik, baina itxita jarraitzen dute. Langileok oraindik ez dugu argi noiz izango den zerbitzu hauen irekiera”. Era berean, nabarmendu zuten gune horiek itxita daudenez, hiriko haur eta gazteek ere 84 egun daramatzatela zerbitzua jaso gabe. Udalak aste honetan azaldu du zerbitzuak urtarrilean irekitzea aurreikusten duela.

Langileek irailetik daramate protesta egiten, eta askotariko mobilizazioak egin dituzte. Besteak beste, sinadurak biltzen izan dira hiriko auzo gehienetan, eta atzo azaldu zutenez, 1.475 sinadura jaso dituzte. Horretaz gain, hiriko hemezortzi elkarte eta eskolen atxikimendua ere jaso dute. ” Argi gelditu zaigu Donostian bizi eta lan egiten duten pertsonen iritzia: haur eta nerabeek zerbitzuen beharra dute”, azpimarratu zuten.