Metroko lanak "erabat gelditzeko" eskatu du Dbuseko enpresa batzordeak
Dbuseko enpresa batzordea osatzen duten sindikatuek –Kurpil, UGT, LAB eta ELA– oharra plazaratu dute, metroaren lanek Zubieta kalean eragindako azken zuloaren harira. “Beldurra eta segurtasun falta sortzen dizkigu Zubieta kaleko errepidean agerturiko 30 metro kubiko inguruko zuloak”, adierazi dute. Horregatik, metroaren lanak “erabat gelditzeko” eskatu dute, segurtasuna bermatzen ez delako.
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak ekainean “trafikoaren segurtasuna” bermatuta zeudela esan zuten. Ordea, agerturiko bigarren arrakalak bi erakunde publikoen “fidagarritasuna kolokan” jartzen duela nabarmendu dute. “Horrelako beste ezbehar bat gertatuko ez dela pentsatzeko ez dugu inolako bermerik”.
Gertaturikoak “zorionez” Dbuseko langilerik kaltetu ez duela diote: “Berehala ikusi genuen zuloa, eta horren berri eman genuen”. Zubieta kaletik Dbusen zazpi linea pasatzen dira, gainerako beste autobus zerbitzu publiko zein pribaturekin batera. “Egunero ehunka autobus pasatzen dira kale horretatik”.