Eskubide Sozialen Karta mobilizatu egingo da, "EAEko aurrekontuak baldintzatzeko"
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak “EAEko aurrekontuak baldintzatzeko” dinamika nazionala abiatu du, Ondasunak banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu. Lehenik bizitza lelopean. Abenduaren 2an, 11:00etan, mobilizazioa egingo dute Tabakaleratik abiatuta. Abenduaren 13an, berriz, manifestazioa egingo dute 12:00etan, Alderdi Ederretik hasita.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten hamarnaka eragile sozial eta sindikalek, “egoera hobetzeko beharrezkoa den eraldaketa soziala” burutzeko, garrantzia ematen diote Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen eztabaidan eragiteari: “Aurrekontuak pertsonen beharretara baldintzatzeko kalera aterako gara”, adierazi dute.
Lehenik, ondasunak banatzeari eman diote garrantzia: “Egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa izango den gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publikoa errenta altu, kapital-errenta, ondarea eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea” proposatu dute. Bigarrenik, eskubideak bermatu behar direla esan dute, eta horregatik, “babes sozialeko sistema indartzea ezinbestekoa da”, haien arabera. Azkenik, “zerbitzu publikoak indartzea eta garatzea” lehentasunezkoa da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarentzat.